Josetxu Riviere: “Feminismoak gizonei berdintasunerako euren erantzukizunetaz hitz egin behar die”

0
469

Arrasatear honek Emakunderen Gizonduz programan dihardu 2008tik, eta ohartarazi du “gizon ugari ez datozela bat gizona izatearen ideiarekin”, baina “euretako askok”, idea, “agindu hori betetzeagatik, euren osasuna arriskuan jartzen dute”.

Goienagusi elkarteak antolatuta, gaur goizean ‘Gizonak feminismoan, berdintasuna lortzeko erronka bat’ hitzaldia egin da Kulturaten.

Hitzaldia Josetxu Rivierek (Arrasate, 1962) eman du, eta besteak beste, Berdintasun Proiektuak kooperatiban lan egiten du gaur egun.

2008tik Emakunderen Gizonduz programaren diseinuan, aholkularitzan, abiatzean eta idazkaritza teknikoan lan egin du.

Josetxuk adierazi du “kontuan hartu behar dela nondik gatozen, berdintasunaren ideiari dagokionez, berdintasunezko gizarte eta gizarte ez-sexista baten eraikuntzaren ideiari dagokionez”.

Ildo honetan, “azken 60 urteetako aldaketa legegileak, sozialak eta indibidualak oso garrantzitsuak izan dira”.
Beste batetik, “aztertu behar dugu gaur egungo desparekotasunak non dauden, oraindik egon badaudelako: soldata-arrakala, indarkeria matxista, homofobia, lesbofobia, bestelako indarkeriak,…”.

“Oraindik gizartea gizonetan eta emakumetan pentsatzen du, eta gizonok posizio hobea daukagu. Aintzat hartu behar da Feminismoak egindako lana aldaketa horietan”.

Izan ere, “aldaketak ez dira berezkoak izan, ez dira gizonok bat-batean berdintasunerantz joatea erabaki dugulako,… Funtsean kolektibo feministen lorpena izan da, baita LGTBI-koena ere, baina batez ere feministena”.

Halaber, “aztertu behar dira gizon ugarik gizona izateaz duten ideia, eta nola harremantzen diren berdintasunarekin eta posizio berdinzaleagoekin. Hor erresistentziak egon badaude, eta gizonok emakumeek baino gutxiago aldatu gara”.

Hala ere, “gizon ugarik feminismoarekin eta berdintasunarekin identifikatzean aldaketa handiak izan dira. Hori baliatu behar da lanean jarraitzeko”.

“Bi lan nagusi daude nire ustez: batetik, desparekotasunak desagerraztea, eta bestetik, aztertzea generoak zer-nolako arazoak dituen gizon askorentzat (osasunean esaterako). Hau da, gizon ugari ez datoz bat gizona izatearen ideiarekin”.

Izan ere, “horrek ezinegona eragiten die, eta gainera euretako askok, agindu hori betetzeagatik, euren osasuna arriskuan jartzen dute, baita euren osotasun fisikoa ere. Datu mordo batek hala erakusten dute”.

Beraz, “espazio berriak sortu behar dira Feminismoan, bertan gizonek berdintasuaren alde lan egin dezaten, emakumeekin edota beste pertsona batzuekin. Hau da, espazioak ireki behar dira”.

“Espazio hauek feminismoarentzat tokia izan behar dute (euren kezketan) eta berdintasunarentzat (euren praktikan). Baina beharrezkoa da ere espazioak sortzea gizonak eta lan egin nahi duten beste pertsonak elkarlanean aritu daitezen”.

Izan badira parekidetasunaren aldeko “gizonen taldeak, baina nik uste falta zaigula lehenago aipatutako ideia hori. Nire ustez garrantzitsua da gizonengana nola hurbiltzen garen eta eurengana nola zuzentzen gatzaien”.

“Gizonei zuzendu behar gara ez modu erruduntzaile batean, baizik eta euren erantzukizunetaz hitz egin behar diegu, baita gure erantzukiunetaz ere, aldaketa gauzatzen aldera. Generoak guztioi eragiten digu, nahiz eta modu ezberdinean kaltetzen gaituen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen