Josemari Velez de Mendizabal semekotzat izendatzea erabaki du Uribarri-Ganboak

1
827

Bertako Kontzejuak hala erabaki zuen atzo, eta ekitaldia uztailean ospatuko da. “Hirurogeita bost urte dira Uribarrirekin lotura animiko eta fisikoa dudala”, adierazi du gaur pozik.

Goiko argazkia: Noticias de Gipuzkoa, artxibokoa / Beheko irudia: Liburuko portada.

Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga (Aramaio, 1949) Arrasaten urte asko daramatza bizitzen, eta duela 65 urtetatik “Uribarrirekin lotura animiko eta fisikoa daukat”.

Gainera, “lan egin dut bertako kulturaren hedapenean; zenbait liburu eta ehunka artikulu dauzkat argitaratuta; hitzaldiak eman ditut Uribarriri buruz, bertan eta Gasteizen”.

“Dokumentalak ere grabatu ditut, etnografia eta historia uztartuz. Gustura ibili naiz beti Uribarriko artxibo eta paper zaharrak arakatzen”.

Ildo horretan, “duela hamabost egun jakin izan nuen bilerako gai zerrendan nire izendapenaren puntua zegoela”, azaldu du gaur Josemarik.

“Arabako tokiko administrazio-organoetan “plenoak” irekiak izaten dira, hots, herrian erroldatuta dauden guztiek har dezakete parte”.

Erabakia atzo, martxoaren 27an, hartu zuen Kontzejuak bileran: “Alkate andreak eta zinegotziek aurkeztu zuten gaia eta aho batez onartu zen”.

Izendapenak “sekulako poza eman didala” adierazi du gaur, “Uribarri Ganboa ikaragarri maite dut. Eta izendapen honek nire lana herrian aintzakotzat hartu dela adierazten du. Herri txiki baina sentimenduz handi. Lanean jarraitzeko pizgarria”.

Lehendik (1999) badu Aramaioko Seme Kuttunaren izendapena, eta 2014an Gasteizko Urrezko Zeledoia eman zioten.

“Baina izendapen berri honek zerbait berezia du niretzat”, izan ere, “hirurogeita bost urte dira Uribarrirekin lotura animiko eta fisikoa dudala”.

Ekitaldia datorren uztailean ospatuko da, Uribarriko udako Santa Marina jaien baitan, zorionak Josemari!

Iruzkin 1

  1. Zorionak, Josemari, izendapenagatik. Pertsonalki, ulertzen dut merezi duzula. Gozatu beti maitasun horretaz. Besarkada bat.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen