Jose Ramon Goikoetxea, Mondragon Korporazioko lehendakariorde ohia, hil da

0
1348

Arrasaten jaio zen duela 72 urte, eta Eskola Politeknikoan ikasi ostean, Ulgorren, Ularcon, Fagor Sistemasen, Mondragon Korporazioan,… lan egin zuen.

Argazkia: TUlankide.

Jose Ramon Goikoetxea Madinabeitia ‘Goiko’ Tarragonan lanbide hezkuntzako ikasketak egin zituen. Ondoren, Arrasateko Eskola Politeknikoko ingeniari teknikoen lehen promozioko kide izan zen, eta Ulgorren lan egin zuen.

Frankismoan eta trantsizioan zehar, Organización de la Izquierda Comunista – OIC erakundean militatu zuen.

Gero, ULARCO-SIUko Ingeniaritza Zerbitzuan lan egiteari ekin zion, ondoren Ulmatic izango zena, eta proiektu honen buru izan zen. Kooperatibako gerente zuzendaria izendatu zuten.

Ulmatic-etik aurrera, arrasatearra integrazio prozesu baten buru izan zen, Uldata ohiko sail batzuk eta Fagor Automationeko muntai negozioa elkartuz, eta emaitza Fagor Sistemas izan zen.

Bertan, bi sozietate erosteaz arduratu zen: Baionako SEI (Euskal Herria) eta Orange Mécanique (Okzitania). Fagor Sistemas desegitearen ondorioz, Mondragon Assembly eta Mondragon Sistemas de Información sortu ziren. Azkenik, Fagor Sistemaseko Ekoizpen Aholkularitza Saila LKSen sartu zen 1996an.

2004ean, Jose Ramon Goikoetxea arduratu zen Loramendi kooperatiba bihurtzeaz eta Mondragon Korporazioko parte egiteaz. Izan ere, enpresaren sortzailea, Agustín Arana, jubilatu egin zen.
Ondorioz, ‘Goiko’ Mondragon Korporazioko Kontseilu Industrialeko kide izan zen. Azkenik, GIM de Automoción bere gain hartu zuen, eta Kontseilu Industrialean jarraitu zuen.

Aurreko ostiralean, baina, zendu egin zen bere sorterrian bertan. TUlankidek jaso duenez, “Goiko pertsona ona izan zen, ‘jatorra, langile fina eta estratega ona, kooperatiben munduaren konprometitua izateaz gain”.

“Lerro hauen bitartez omenaldi sentitu bat adierazi nahi diogu, eta maitasun mezu bat helarazi Rosa Larrañaga emazteari, ingurukoei eta hurbileko lagunei. Goian bego!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen