Jose Mari Ormaetxearen biografia aurkeztu dute

0
458

Isabel Uribek eta Armin Isastik egin dute Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sortzaileetako baten biografika: ‘Ormaetxea; kooperatibismoa, bizitza osoaren ardatz’.

Irudia: Mondragon Korporazioa.

Mondragon Korporazioak, Laboral Kutxak eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak argitaratu dute, eta aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelenan Kulturunean egin da.

Ekitaldian liburuaren egileek, Isabel Uribek eta Armin Isastik, parte hartu dute eta bertan izan dira, gertu, Iñigo Ucin Mondragoneko lehendakaria eta Amalia Ormaetxea biografiatuaren alaba.

Arratsaldean beste ekitaldi bat egingo da Laboral Kutxaren egoitza nagusian, biografiari buruzko lana kooperatibek osatzen duten familiarekin partekatzeko asmoz; ekitaldia streaming bidez emango da 18:00etatik aurrera www.tulankide.com webgunetik.

Jose Mari Ormaetxea, Esperientzia Kooperatiboaren fundatzaileetako bat, “funtsezko pertsona izan zen Korporazioa garatzeko, eta bere ibilbide profesionalean zehar kargu oso garrantzitsuak bete zituen hainbat erakundetan”:

  • Ulgorren gerente
  • Euskadiko Kutxan zuzendari
  • Mondragoneko Kontseilu Orokorrean lehendakari

Era berean, “haren bultzada eta ausardia funtsezkoak izan ziren beste proiektu batzuk sortzeko, bestak beste”:

  • Ikerlan
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Otalora
  • LagunAro
  • EPSV

Euskadiko Kutxako Enpresa Dibisiotik bultzatutako hainbat kooperatiba ere. Jose Mari 2019ko uztailean hil zen, 92 urte zituela.

Hori baino lehen, Isabel Uribek eta Armin Isastik “Ormaetxea konbentzitzea lortua zuten proiektu biografiko honi ekiteko. Horretarako, berarekin elkarrizketa ugari grabatu zituzten, eta denetariko gaiak jorratu zituzten, bai pertsonalak bai profesionalak”.

Lan horren guztiaren emaitza da “oso liburu ederra, bai edukiari dagokionez, bai aurkezpenari dagokionez, eta argi eta garbi nabarmentzen dira Ormaetxearen bizibalioak, hala nola lanerako zuen gaitasun handia eta proiektuak praktikan jartzeko zuen talentua”.

Armin Isastik, “ingeniaria lanbidez, Kooperatiba Esperientziari lotutako ibilbide profesionala izan du, lehenik Fagor Arrasaten, gero Eskolan (Mondragon Unibertsitatea), eta geroago Saiolaneko zuzendaritzan, non bertan erretiroa hartu zuen 30 urte inguru lanean jardun ondoren. Ormaetxearen laguna izanik, Arminek berak animatu zuen 2018an hasi zen abentura honetan sartzera”.

Isabel Uribe, “nazionalitatez mexikarra, MONDRAGONen lagun handia da. Hezkuntza Zientzietan lizentziatu zen Iteso unibertsitate jesuitan, eta Mondragon Unibertsitatean doktoratu, Enpresagintza fakultatean. Saiolaneko kolaboratzailea 2001 eta 2016 artean, eta Saiolanek argitaratutako ‘De la idea al negocio’ liburuaren egilea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen