Bergarako Udaletxeak bertako bizilagunak bertan behera uzten ditu
Gutun ireki honen bidez, gure instituzioak gobernatzen dituzten politikoez nazkatuta nagoela publiko egin nahi dut (Bergarako Udaletxea eta Gipuzkoako Diputazioa). Politiko hauen ahoa gezur hutsak diren esaldi ezberdinez beteta egoten da sarri. Askotan entzuten ditugu horrelako esaldiak: HERRITARRREN ZERBITZURA GAUDE, LANDA EREMUA LAGUNTZEN DIHARDUGU, LURRALDE OREKA LANDA EREMUKO ETA HIRI EREMUKO ZERBITZUAK BERDINAK IZAN DAITEZEN… Eta beste hainbat esaldi hutsal, beraien buruak zuritu eta itxurakerian aritzeko soilik direnak. Gutun ireki honen bidez Angiozarko Goimendi auzoak politikoen partez bizi duen bazterkeria egoera salatu nahi dut, nahiz eta urte luzez hainbat eskaera bideratuak izan diren.
Bergarako udaletxeak guztiz baztertua dauka Goimendi auzoa, hainbati sinesgaitza egingo zaien arren, XXI. mendeko Gipuzkoako auzogune honetan orain 200 urte bezala bizi gara, ZERBITZU PUBLIKO BASIKO GABE. Hona hemen adibide batzuk:
Goimendi auzoak ez dauka ur sare publikorik, hau da, ez dauka ur edangarririk. Ur edangarri bakarra uda beroetan lehortzen diren, neguko euriekin zikintzen diren eta tratamendu eta kalitate ziurtasunik ematen ez duten lur azpiko ur putzuak dira. Politikoek, auzoan urarekin daukan arazo honek osasun arazo larriak sortu izan dituela jakin arren, Udaletxe eta Diputazioak ez dute ezer egin.
Baserri ezberdinetarako bideei dagokienez, bide publikoak guztiak, partxez josita daude eta entitate publikoek behin ere ez dute mantenu lanik ezta konponketa lan definitiborik egiteko planteamendurik egin.
Komunikabide eta Internet azkarraren garaian, auzora ez da banda zabal ultra azkarra iritsi eta interneterako konexio bideak oso prekarioak dira.
Hala ere harrigarriena zaborraren afera da. Izan ere, Goimendi auzoan Epeleko konpostatze planta eta Zabor Industrialen epeleko planta kokatuak egon arren, bertako bizilagunok ez daukagu zaborra biltzeko zerbitzurik.
Gure egoera txarraren aurrean Bergarako udaletxeak ezertxo ere egiten ez duen bitartean, badira inguruko herrietako hainbat udaletxe landa eremuko bizilagunen bizi baldintzak hobetzen dihardutenak, beraz, interes kontua besterik ez dela esango nuke. Esate baterako, Antzuolako udaletxeak bertako baserri guztiak ur sare publikora lotzeko lanak egin ditu, Oñatikoak Arantzazu inguruko baserrietara ur sare publiko eramateaz gain, hainbat bide asfaltatu eta konpondu ditu, Elgetako udaletxeak ere baserri bideak asfaltatzen dihardu… Bitartean, Angiozarko Goimendi auzoa bakartuta eta baldintza txarretan aurkitzen da. Eta zer egiten du Bergarako udaletxeak egoera hau hobetzeko? EZER ERE EZ, eta dirudienez, asmorik ere ez.
Beno, egia esate aldera, bada momentu bat zeinetan instituzio publikoak gutaz oroitzen diren, zergak ordaintzeko orduan. Ezer jaso ez arren ordaintzen ditugu eta.
Aurretik azaldutako guzti honi soluzioa jartze aldera espero dut ordezkari munizipal zein foralek beraien agendetan Goimendi auzoari tartetxo bat emango dietela. Mesedez, hitz hutsaletatik ekintzetara pasa daitezela.
Bergaran, 2023ko otsailaren 27an