Jone Perezek munduko bilgarri-diseinu lehiaketan zilarra lortu du MUrekin

0
1184

Arrasatear gazteak, Garazi Otxandorena eta Mario Marco ikaskideekin batera, bigarren saria lortu dute, ‘Honey Extruder’ izeneko proiektuagatik.

Bigarren urtez jarraian, Euskal Herrian egindako diseinu batek zilarrezko domina lortu du, Worldstar Student Awards sarietan, hau da, ikasleentzako bilgarri-diseinuaren arloko munduko sari ospetsuetan.

World Packaging Organization (WPO) erakundeak antolatzen du,eta MUko Industria Ingeniaritza eta Produktu Garapena Graduko hiru ikaslek lortu dute bigarren saria: Jone Pérez Morenok, Garazi Otxandorena Ieregik eta Mario Marco Nafriak, ‘Honey Extruder’ izeneko proiektuagatik.

“Eztia dosifikatzeko bilgarria da, guztiz berritzailea, funtzionala eta % 100 ekologikoa”, Unibertsitateak azaldu duenez.

Proiektuak “sortzaile, berritzaile eta jasangarri batekin erantzun dio Apisol elikadura-enpresak proposatutako erronkari”. Zehazki, ezti-dosifikatzaile berrerabilgarria oinarri duen proiektu hori erlauntzetan dago inspiratuta.

Bigarren saria eskuratu duen bilgarria “oso moldakorra da,gainera, metatzeko, desmuntatzeko eta garbitzea zein mantentzea errazteko aukera ematen baitu. Diseinuak tanta-kontrako barne-sistema bat du, dosifikazio-ziklobakoitzean aktibatzen dena”.

Halaber, “ateratzen den ezti-kantitate zehatza kalkulatzea ahalbidetzen du, erruleta bat erabiliz. Erruleta horrek hots bat egiten du buelta osoa ematen duenean, hau da, ezti-koilarakada bat ateratzen denean”.

Hiru ikasleek joan den ikasturtean garatu zuten proiektua, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Industria Ingeniaritza eta Produktu Garapena Graduko 3. maila egiten ari zirenean.

Jone Pérezek adierazi duenez, ikasgelan hasi ziren lanean, “baina berehala iritsi zen konfinamendua, eta proiektuaren zati handi bat etxean garatu behar izan genuen»”. Hala ere, argi izan zuten hasieratik Apisol enpresak egindako eskakizun guztiak bete nahi zituztela, eta “ez genuen ezer itxi nahi dosifikatzailearen funtzio guztiak adostu eta zehaztu arte”.

Behin proiektua amaituta, Valentziako Edukiontzien Berrikuntzako Klusterrak antolatutako Edukiontzien Diseinu Jasangarriko Nazioarteko Lehiaketan aurkeztu ziren, eta finalistak izan ziren.

Horri esker, Liderpack sarietara aurkeztu ziren, eta horretan ere irabazle izan ziren. Pérezek azpimarratu duenez, “azken sari horri esker, World Star Student Awards munduko sarietarako sailkatu ginen”.

Garazi Otxandorenak ondorengoa gogoratu du: “Konfinamenduaren hasieran egin genuen lana, eta ez ziren lanerako baldintzarik onenak; horregatik, eman diguten sari bakoitza espero ez genuen sorpresa bat izan da guretzat”. Eta Mario Marcok erantsi duenez, “lehen maila gainditzea besterik ez genuen espero, baina, oharkabean, munduko finalera iritsi gara”.

Hirurak bat datoz, eta esan dute pandemiaren ondorioz bizitasun txikiagoz bizi izan dutela saria; izan ere, ezin izan dute gozatu dena presentziala izan balitz bezala, COVID-19aren aurreko agertoki batean bezala.

Hala ere, “oso pozik eta harro gaude”, eta hiru ikasleek azpimarratu dutenez, “zorion-mezu asko jaso ditugu, baita irakasleengandik ere, haientzat guztiz pozgarria baita beren ikasleek horrelako sariak eskuratzea”.

Jakin badakite sari honek bide profesionalen bat ireki diezaiekeela. Dena den, “ezin gara erlaxatu, diseinuaren mundua etengabeko eboluzioan baitago. Lanean jarraitu behar dugu maila horri eusteko”.

Bilgarri-diseinuaren arloko munduko lehiaketarik garrantzitsuena da World Star Student Awards, eta urrezko saria Turkiako ikasle batek eskuratu du, ‘Ojo’ azazkal-esmaltearen flaskoagatik. Brontzea beste turkiar ikasle batek irabazi du, koloretako arkatz-estutxe berritzaile batengatik.

Estatu espainiarreko proiektu hauek ere Worldstar Ikasleen Aintzatespen Ziurtagiria eskuratu dute, aurkeztutako proiektuek lortutako puntuazio onagatik:

‘Apipack’, Alcoiko (Alacant) Arte eta Diseinuko Goi Eskolako Helena Maestrerena; ‘Bettabox’, Madrilgo Diseinuko Goi Eskolako Marina del Pino eta Salomé Quesadarena; ‘Eco-Hybrid Box’, Zaragozako Unibertsitateko Irene Deler, Ana Bitrián, Daniel Martínez eta Javier Redondorena; ‘Layer_bx’, Madrilgo Diseinuko Goi Eskolako Eva Milánena; eta ‘Muna’, Zaragozako Unibertsitateko Mónica Castillo, Pilar Artigas, Ignacio Blas eta Rocío Cusórena.

Epaimahaiak ‘meritu-ziurtagiria’ eman die ere Turkiako, Alemaniako, Txinako, Erresuma Batuko eta Amerikako Estatu Batuetako beste 10 bilgarriri.

World Star Student Awards lehiaketan parte hartu ahal izateko, World Packaging Organisation (WPO) erakundeak onartutako lehiaketa estatalak irabazi behar dituzte ikasleen proiektuek. Estatu espainiarrean, Graphispack elkarteak antolatutako Lidepack Sariak (Gazte Diseinuaren kategoria) eta Bartzelonako Firako Hispack dira.

2019az geroztik, Lidepack sarietan ikasleei zuzendutako atalean parte hartzeko bide bakarra Bilgarri eta Enbalajearen Berrikuntza Klusterrak antolatutako Bilgarri eta Enbalajearen Diseinu eta Jasangarritasun Sari Nazionalak dira.

Klusterreko zuzendari Jesús Pérezen hitzetan, mundu-mailako aintzatespen horrek “errepikatu egiten du aurreko edizioan espainiar diseinuak lortutako arrakasta, eta berretsi egiten du herrialdeko eta sektoreko packaging-diseinuaren posizio garrantzitsua, munduko onenetako bat”.

Ildo horretan, gehitu duenez, “urtero-urtero antolatzen ditugun sarietara unibertsitateek eta zentroek aurkeztutako maila handiaren emaitza da hori: gazteek gehiago izateko espiritua dute, eta espiritu hori guztiz beharrezkoa da, batez ere koronabirusaren pandemia nagusi den garai honetan”.

Alde horretatik, Graphispack elkarteko idazkari nagusiak, Ignasi Cusík, ondorengoa azpimarratu du: “egungo inguruabarrak gorabehera, ikasleen partaidetza bikaina eta aurkeztutako proposamen guztien maila handia azpimarratu nahi ditut”.

COVID-19aren ondorioz, bidaia kopuruetako murrizketen harira, World Star Student Awards sariak banatzeko ekitaldia modu birtualean egingo da aurten.

Deskargatu bideoa eta argazkiak

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen