Jon Zabala: “Pena da liga horrela amaitu izana, baina futbola baino gauza garrantzitsuagoak daude”

0
1031

Martxoaren 8an, Covid-19aren pandemiaren eraginez, kirol lehiaketa guztiak bertan behera uztea erabaki zen. Gaur egun Euskal Ligan dagoen areto-futboleko Mondrate taldea izan zen kaltetuetako bat. Mondraberri Jon Zabala entrenatzailearekin harremanetan jarri da, taldearen egungo egoera konta diezagun.

Argazkia: Mondrate. Argazkiaren ezkerrean Kevin Barranca.

Zein egoeratan dago taldea une honetan?

Joan den astean, areto-futboleko Euskal Federazioaren komunikatu bat jaso genuen, liga egungo sailkapenarekin amaitu zela jakinarazteko. Beraz, erabaki dute La Bastida eta Iurre (lehenengo bi sailkatuak) hirugarren mailara igotzea, eta aurten jaitsierarik ez izatea. Ondorioz, Gipuzkoako lehen mailako bi talde igoko dira, eta ez da hirugarren mailako talderik jaitsiko. Aurten ez da jaitsierarik izango kategoria bakar batean ere.

Konfinamenduan zehar entrenatzen jarraitu zenuten?

Jokalariek etxean entrenatzen jarraitu dute. Jakina, bakoitzak ahal duen neurrian, eskura zuen materialarekin. Orain, etxetik kirola egiteko atera gaitezkeenez, jokalariak entrenatzera ateratzeko aprobetxatzen ari dira, betiere banaka.

Egia esan, zalantza asko ditugu entrenamenduetara noiz itzuliko garen, eta liga noiz hasiko den, liga hastekotan. Bizi dugun egoeran oso zaila da lehiaketa noiz itzuliko den jakitea.

Dena den, entrenamenduetarako itzulera ez dago gure esku. Itzuli ahal izateko kiroldegia ere beharrezkoa da, eta oraingoz ez dakigu noiz irekiko duten.

Klubak ere baditu taldeak Gipuzkoako ligan. Zein egoeratan daude talde horiek?

Gure senior B taldearentzat lehen denboraldia zen Gipuzkoako ligan, eta lehiaketa amaitu nuenean azken sailkatuak ziren. Kontuan izan behar da oso talde gaztea dela eta lehen urtea izan dute denek batera jokatzen. Talderik ez jaisteko erabakiak mesede egin digu kasu honetan.

Jubinilen ¡ kasuan, Gipuzkoako Federazioak erabaki du sailkapena bertan behera geratu zenean bezala geratzea eta jaitsierarik ez izatea, bai ordea igoerak. Gure taldearen kasuan, zazpigarren postuan geratzean, federazioak hartutako erabakiek ez diote eragiten.

Bukatzeko, gustatuko litzaidake esatea pena dela liga horrela amaitu izana, baina futbola baino gauza garrantzitsuagoak daude. Hala ere, denok berriz elkartzeko eta berriro partidak jokatzeko gogotsu gaude.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen