Jon Sagasta ‘Mane’ hil da Mondra, Reala, Osasunako,… jokalari ohia

0
2611

Artxiboko argazkiak: Josemari Velez de Mendizabal.

Jon Sagasta Egidazu Arrasaten jaio zen, 1947ko urtarrilaren 27an. Baloiarekin jolasten hasi zen haurtzarotik, Josemari Velez de Mendizabal historialariak jaso zuen bezala.

Jonek gogoan zituen fraide viatoristen eskolako patioko oroitzapenak. Ondoren, Gasteiza eraman zuten, Ramiro Maeztu Institutura, Manuel Iradier Colegio Menor delakoan biziz, eta bertan beste ikasleekin futboelan lehiatzen zen.

Gasteiztik itzultzean UCEArekin fitxatu zuen 1962an, eta fubtolista izateko aurrerapauso garrantzitsua izan zen hura.

1964-65ean JDMen debuta egin zuen, taldeak hirugarren mailari eustea jokoan zuela. Promozioa Ondarroako Aurreraren aurka jokatzekoa zen, eta JDMek Jon fitxatu zuen.

Partidua 1965eko uztailaren 11n jokatu zen, eta hainbat taldekide ezagun zituen: Sebitas, Idigoras, Olazabal, Ezkurra, Jose Carlos, Arenaza, Gallastegi, Kintela, Bomba eta Errasti. Arrasateko taldeak mailari eustea lortu zuen.

Realak fitxatu egin zuen, eta 1966/67an Sanserekin jokatu zuen. Atotxan egin zuen debuta, Alavesen aurka, irailaren 11n, eta 4-0 irabazi zuen.

Denboraldi bikaina egin zuen, eta Realeko lehen mailako taldera igo zuten. Ez zen talde txuri-urdinean jokatzen zuen lehen arrasatearra:

Bera baino lehen Jose Barrena, Patri Egidazu, Angel Arregi, Imanol Zeziaga ‘Divino I’, Luis Heriz, Jesus Vitoriak,… jokatua zuten.

Hiru denboralditan Realean jokatu zuen, besteak beste, Chelsea edota Independiente Argentino-ren aurka jokatuz. Lehen partidua Atotxan jokatu zuen, Pontevedraren aurka, hamaikako honekin:

Zubiarrain; Gorriti, Martinez, Ormaetxea; Lema, Sagasta; Mendiluze, Urreisti, Arzak, Arregi eta Boronat.

1968/69 denboraldian Osasunak Realari Jon talde gorritxoan jokatzea eskatu zion, eta hala egin zen. Arrasatearrak Osasunarekin gol erabakigarria sartu zuen Zaragozan eta gorritxoek igoera lortu zuten.

Alabaina, zerbitzu militarra eginarazi zioten, areago, bere “aita gorria eta galoiduna” izan zelako. Ferrolen egin behar izan zuen, eta hango Racing de Ferrolekin jokatu zuen.

Logroñesen 1971ko urtarrilaren 3an debuta egin zuen, eta urte bereko ekainaren 6an talde errioxarrarekin azken partidua jokatu zuen.

1971/72 denboraldian Jonek ez zuen Realarekin partidurik jokatu, eta denboraldiaren amaieran erabaki zuten kontratua bertan behera uztea.

Ondoren, Cultural Leonesarekin fitxatu zuen, eta Jonek maila altua eman zuen arren, taldeak ezin izan zuen maila galtzea lortu. Ordea, 1974an bigarren mailara igotzea lortu zuen.

1975/76 denboraldirako Enidesa taldearekin fitxatu zuen, Avilés-ekoa (Asturies), baina denboraldi txarra izan zen taldearentzako.

76/77an Irungo Real Unionekin fitxatu zuen, hirugarren mailakoa, eta Bigarren B mailara igotzea lotu zuen.

Ondoren, futbolean jarraitzeko eta bere esperientzia partekatzeko, Mondran eta UDAn aritu zen.

Jonek hainbat urtetan Olarte kaleko loteria-administrazioan lan egin zuen. Tamalez gaur, urtarrilaren 21ean zendu da, 76 urte zituela.

Josemari Velez de Mendizabalek gaur bere aldeko hitz batzuk izan ditu: “Jon Sagasta hil da. Aspaldiko laguna, betiko adiskidea. Zaude bakean, Jon, eta gozatu horko futbolarekin! Beti arte”. Era berean, gure doluminak senide eta lagunei.

Eskela

Erlazionatutako albistea:

Goi mailako 3 futbolari arrasatearrez (Sagasta, Larrauri, Aranbarri) lana egin dute Velez de Mendizabal eta Zaitegik

2020ko abenduaren 1ean argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen