Taldeak sei Gasteiz Cup eta txapelketa ugari lortu zituen hamabost urteetan zehar Gregorio Palacios eta Jose Luis Ibarguen ‘Txelis’ entrenatzaile zituztela
Arrasateko futbolaren mundua asko aldatu da azken urteotan. Baliteke askok ez gogoratzea, baina, laurogeita hamarreko hamarkadan eta mende honen hasieran, herriko futbol taldeek ez zuten talderik beheko mailetan, non Arrasateko txikienek kirolari gisa ikasi eta garatzeko aukera zuten. Adin nagusitasunera iritsi arte, haurrek Arrasateko plazetan jolastu behar zuten pilota batekin, eta bertan pasatzen zituzten arratsaldeak talde handietan sartzeko txanda iritsi arte, inoiz halakorik gertatzen bazen.
90eko hamarkadaren erdialdean, afizionatu mailako hainbat futbol talde sortu ziren, haurrek pilota batekin zelai profesional batean lehen esperientziak izan zitzaten. Talde horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, honako hauek: ‘Solano’, ‘Indo Mirbat’, ‘Bizkorrak’, ‘Argiplastik’ eta ‘Bar Arrogoi’. Hala ere, Arrasaten arrakasta lortu zuen talderik egon bazen, hori Joma izan zen: «Ez zegoen txikientzako talderik eta ezin zinen talde handietan sartu. Ez zegoen hainbeste kategoriarik eta haurrek nolabait antolatu behar zuten jolasteko. Halabeharrez, dena bat-batekoagoa izan behar zen, eta ez zegoen aukerarik klub handietako inork zuri lekua uzteko, adin jakin bat izan arte. Urteekin hori aldatu egin da, eta klub gehienek harrobiko jokalari berriei forma emateko eskolak dituzte orain. Baina duela urte batzuk geuk bilatu behar genuen bizimodua, ahal genuen moduan”.

Taldea, garai hartako beste asko bezala, Herriko Plazaren Arkupetan sortu zen, eskolaren ondoren arratsaldeak elkarrekin jolasean pasatzen zituzten gazteen artean. Une horretan, hainbat gurasok, Gregorio Palacios eta Jose Luis Ibarguen ‘Txelis’ buru zutela, euren seme-alabekin futbol talde bat osatzea erabaki zuten, eta izen berarekin deitu zioten: Joma Arkupe. Gero Joma bakarrik deituko zitzaion. Hala gogoratzen du bere semea den Joseba Palaciosek: «Nire aita beti egon zen futbol munduarekin oso lotuta. Denbora luzez futbolaria izan zen eta urte batzuk lehenago Eskoriatza entrenatu zuen eta, taldea desagertu zenean, lanean hasi zen gurekin zerbait egiteko”.
Taldea 1996-an sortu zen ofizialki, eta, beraz, 25 urte bete dira taldeak lehen partida jokatu zuenetik: “ez dut gogoratzen noren aurka jokatu genuen lehen partida, baina ziurrenik Aramaioko mutilen aurka izan zen, askotan jokatu genuen haien aurka”. Talde hartan Aitor Urrutia, Peio Errarte, Ion Ansoategi, Gorka Aizpurua, Bittor, Jose Mari Gallastegi, Markel Ansoategi, Aitor Etxagibel, Aitor Etxebarria, Joseba Palacios, Mikel Etxenausia, Iban Bollón eta Oier Arregi zeuden. Urteetan zehar taldea jokalariz aldatuz joan bazen ere, Josebak aitortu du beti izan zuela nahiko talde finkoa, eta urteekin ere maila desberdinetako taldeak sortu zirela, taldean sartzen ziren haurren adinaren arabera.

Taldeak oso modu berezian funtzionatzen zuen. Eta hala kontatzen du Josebak: “guk ez genuen inoiz entrenatzen. Edozein arrazoirengatik astebururen batean partidarik ez bazegoen, gure artean jokatzen genuen kiroldegian eta futbolean jokatzeko aukera izaten jarraitzen genuen. Baina normalean ekipoaren funtzionamendua ez zen beste edozeinena bezalakoa. Partidak jokatzeko bakarrik elkartzen ginen, eta, jakina, arratsaldeak plazan pasatzen genituen. Hori zen gure entrenamendua”. Sistema honek, ordea, beti funtzionatu zuen oso ondo. Izan ere, Jomaren garrantzia garaipen-zerrendan ere islatzen da: taldeak sei Gasteiz Cup lortu zituen (1999, 2001, 2003 eta 2007 urteetan). Gainera 2001ean eta 2003an kopa lortu zuten bi talde ezberdinekin. Horiez gain, beste txapelketa batzuk ere lortu zituzten: Amurrioko Txapelketa, Erguin (1998), San Prudentzio Txapelketa, San Andres Distrito 33 (1999), Aurrera Gasteiz Torneoko txapeldunordea, Aitor Lopez Rekarte Txapelketa eta Gasteizko beste txapelketa asko. Ez zuten ligarik jokatzen. Gurasoen erabakia zen, haiek elkartzen baitziren eta antolatzen baitzuten denbora librea zutenean.
Joma ere garrantzitsua da Arrasaten oraindik mantentzen diren tradizio txikiei argi berdea eman dielako. Horren adibide garbia izan zen iturrian bainatzeko ohitura (‘La Cibeles’ ezizena jarri zioten), txapelketa bat irabazten zuten bakoitzean. Lehenengo aldian Gregorio Palaciosen ideia izan zen. 2001-ean Jomako bi taldek Gasteiz Cup txapelketa irabazi zutenean gertatu zen. Harrezkero, ohitura hori hartu dute bertako hainbat taldek, aurreko denboraldian Mondrateren igoeran ikusi ahal izan zen bezala.
Jomaren arrakastek Gregorio Palaciosen beraren ibilbidean ere eragina izan zuten, 1997tik 1999ra bitartean Alaveseko begiluze gisa fitxatu baitzuten. Denbora horretan, bere ezagutzak taldearen zerbitzura jartzeko aukera izan zuen, Gasteizko taldeari zerbitza ziezaioketen talentu berriak aurkituz. Horren ondoren, Athleticekin harremanak izan zituen 2014-ra arte. Hemen aldatu zen berriro taldea eta 2005ean ‘Joma Athletic’ izena hartu zuen. Plazako arkupean sortu zen taldea, urteen poderioz, eta bere arrakastei esker, Bilboko Athleticen harrobiko talde bihurtu zen, eta talde horretara talentu gehien zutenak igotzen ziren.


Gorka Eraña, Aitor Fernandez, Iker Uribarren, Julen Eraña, eta Aitor Arregi etxeko jokalari nabarmenek futboleko maila profesionaletara iristea lortu zuten Joman baloi bati emandako lehen ostikoei esker. Taldeak, eta Gregorioren eta ‘Txelis’-en lanari esker, haur askok Herriko Plazatik haratago probatu ahal izan zuten futbolaren esperientzia, bestela posible izango ez ziren bide profesionalei hasiera emanez.
Joma jada ez da existitzen, eta orain futbol talde handiek askoz hobeto antolatutako harrobiak dituzte, baina arrasatear askok ez dute inoiz ahaztuko futbol zelai batean lehen esperientziak Jomari esker izan zirela.

