‘Paradisua’ eleberria, Jokin Zaitegi bekarekin euskaratua, iazko azaroan argitaratu zen. Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik AEDk eta Elkar argitaletxeak emandako beka lortu zuten, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesarekin, Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniarraren eta Literaturako Nobel sariaren irabazlearen lana euskaratzeko.
Eleberriaren itzulpena Kulturateko Loramendi aretoan aurkeztu da. Aurkezpenean Maialenek eta Joxe Mari Berasategik parte hartu dute, AEDko, Elkar argitaletxeko, Arrasateko Udaleko eta Laboral Kutxako ordezkariez gain.

Aurkezpenean Joxe Mari Berasategik aurkeztu du Abdulrazak Gurnah eleberriaren jatorrizko egilea. Abdulrazak Gurnah irakasle eta eleberrigile tanzaniarra Erresuma Batuan bizi da eta bere ibilbide literarioa ingelesez garatzen du. Literaturako Nobel Saria eman zioten 2021ean, kolonialismoaren ondorioak aztertzeagatik eta errefuxiatuen patuarekiko interesagatik, kultura eta kontinenteen arteko amildegian baitaude.

Zanzibarren jaio zen 1948an eta, 80ko hamarkadaren hasieran, Nigeriako Bayero Kano Unibertsitatean aritu zen hezkuntza-lanetan. 1982an, Kent-eko Unibertsitatera joan zen, ingelesezko doktoretza lortzeko eta irakasle gisa lan egiteko.
Ikerlari gisa egindako lan batzuk idazkera postkolonial britainiarrean zentratu dira nagusiki, batez ere Afrikako, Indiako eta Karibeko kolonietako idazkietan. Besteak beste, Rushdie, Naipaul, G.V. Desani, Anthony Burgess eta Joseph Conrad idazleak ere aztertu ditu.

Bestalde, Maialen Berasategik ‘Paradisua’ eleberriaz hitz egin du. Nazioartean Gurnahri ospe handiena eman dion eleberria da. Yusuf da ‘Paradisua’ eleberriaren protagonista. Bere aitak merkatari aberats baten eskuetan uzten du Yusuf, berarekin duen zorra kitatzeko, eta hor hasten da gaztetxoarentzat Afrikako hainbat txoko ezagutzera eta txikitatik heldutasunera eramango duen bidaia.
Bukatzeko, bost pertsonak liburuaren tarte batzuk irakurri dituzte.
