Jokin Lantz Antzinako Historian doktore, Arkeolaneko partaide eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak ‘La época romana en Arrasate’ hitzaldia eskaini du Kulturaten. Hitzaldia Arrasate Zientzia Elkarteak antolatu du ‘Arrasateko iragana astintzen’ zikloaren barruan.
Lantzek eskaini duen hitzaldian, Arrasaten erromatarren garaian eta, zehazkiago, erromatarren garaian Deba bailarari buruzko errepasoa egin du, Arrasaten egin diren aurkikuntzak testuinguruan kokatzeko. Erromatarrak iritsi baino lehen inguru honetan bizi ziren herriez eta haien bizimoduaz hitz egiten hasi da. “Garai hartako idazki erromatarren arabera, Austrigoiak, Karistiarrak, Barduliarrak eta Baskoiak bizi ziren. Antolakuntza propioa zuten eta beste herri batzuekin tratu komertzialak zituzten. “
Erromatarren etorrera, lurraldearen konkista eta anexioa eta agertzen joan diren aztarnak ere aipatu ditu. “Konkista baketsu samarra izan zen, erromatarrek zergen eta inguruko baliabide naturalak ustiatzearen truke euren tradizioekin jarraitzeko aukera ematen baitzieten. “

Arrasaten aurkitutako aztarnategiei dagokienez, Erreinusketan aurkitutako aztarnategia eta Meatzerreka auzoan aurkitutako inskripzioa nabarmentzen dira. Erreinusketaren kasuan, zeramika zatiak eta objektu batzuk aurkitu dira kokaleku txiki batean , “Erdi Aroan nolabaiteko jarraipena izan zuena eta Arrasateko ernamuina izan zen herrietako bat izan zena. “
Meatzerrekako inskripzioari dagokionez, San Balerio ermitan agertu zen. Inskripzio hori 1787an ezkutatu zuen inkisizioak, inguruko bizilagunek zuten debozioa saihesteko. 40ko hamarkadan aurkitu eta Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalera eraman zuten, 1974ra arte. Urte horretan Cuencara eraman zuten. Azken lekualdaketa horretarako, Segobrigako aztarnategikoa zela argudiatu zuten. Arrasate Zientzia Elkartea bere jaioterrira itzul zezaten saiatu zen, inolako arrakastarik gabe.” Azpimarratu duenez “oso inskripzio bitxia da, pertsona-izen bat agertzen baita, izen misto bat, izen erromatar bat eta beste izen indigena bat: Valerius Tiro. Erromatarra ez den jainko baten izena ere agertzen da: Dialco. Gipuzkoan ia ez da testurik duen inskripziorik agertu, hiru baino ez. “
Kostaldea barnealdearekin lotzeko Deba bailarak izan zuen garrantzia ere azpimarratu du Lantzek. “Aurkitu ez den arren, uste dugu lotura bat egongo litzatekeela Burdeos-Astorga galtzadarekin, Arabako lautadatik igarotzen zena. Ez dago horren idatzizko berririk, nahiz eta aurkitutako aztarna arkeologikoek arteria moduko bat marrazten duten, Leintz Gatzagatik kostalderaino. Leintz Gatzagan, Oñatin, Mendaron, Elgoibarren, Mutrikun eta Arrasaten aurkitu diren aire zabaleko zein kobazuloetako kokalekuak dira. “