Johanna Sanchez: “Espainiako Gobernuak 22.000 € esleitu dizkio Arrasateri genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko”

0
487

Testua: Arrasate PSE/EE

Espainiako Gobernuak 75.000 euro baino gehiago transferituko dizkie Debagoieneko udalerriei.

Johanna Sanchez Arrasateko Udaleko Berdintasun zinegotziak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak 22.050,13 euro esleituko dizkio Arrasateri 2021erako Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunetik datozen funtsetatik, gaitz horren aurkako bai programak bai proiektuak finantzatzeko. Diru publiko horren helburua da emakumeen aurkako genero-indarkeriaren sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak finantzatzea, materialak, laguntza-unitateak, koordinazio-mahaiak edo lankidetza-tresnak egitea, eta biktimei arreta eta informazioa emateko udal-zerbitzuak indartzea. Espainiako Gobernuak udalei egindako ekonomia-ekarpena da, Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko; guztira, 75.088,28 euro Debagoieneko udalentzat eta 891.542,66 euro Gipuzkoarentzat.

Sanchezek esan du diru-publiko hori Arrasateri esleitzea albiste aparta dela, izan ere, diru-kopuru horrekin Udalak baliabide eta tresna gehiago eskaini ahal izango ditu genero-indarkeriak dakarren izugarrikeria desagerrarazteko. Are gehiago, funts horrek bultzada handia emango dio gure kudeaketari. Egun, Berdintasun Sailak ia 102.000 euro (101.848 euro) kudeatzen ditu udalerrian indarkeria matxistari aurre egiteko, eta bi programak bultzatzen ditu: batetik, genero-indarkeriaren aurka, 57.000 euroko partida batekin, eta bestetik, eskoletan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko plan bat, urtean 34.848 euroko inbertsioarekin. Horrez gain, tratu txarrak jasateko arriskuan dauden emakumeei laguntzea helburu duen programa ere aipatu du, 10.000 euroko aurrekontu-sailarekin. Gainera, udaletik aholkularitza juridikoko zerbitzu bat bultzatzen dugu, eta prestakuntza programa bat dago ere udaltzainei zuzenduta indarkeria matxista prebenitzeko.

Halaber, zinegotzi sozialistak Jabetza Eskola aipatu du, Emakumeentzako Jabekuntza Eskola, Berdintasun Sailak bultzatua. Bertan, Emakume Txokoan emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzen da, emakumeek bizitzako esparru guztietan parte har dezaten, aukera-berdintasunean. Gainera, hainbat jarduera lantzen ari gara azaroaren 25erako, Emakumearen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako, eta, urtero, udalak “indarkeria matxistarik gabeko jaiak” kanpaina garatzen du, karpa bat eta laguntza-telefono bat jartzen ditu, sexu-erasoak prebenitzeko eta sentsibilizazioa, informazioa eta prestakuntza bultzatzeko. 

Era berean, Arrasateko Udalak diskriminazio-egoerei aurre egiten dieten emakumeentzako orientazio juridikoko zerbitzu bat duela azaldu du, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko informazio eta orientazio orokorreko zerbitzu bat ere. Halaber, adierazi du tokiko mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin batera herritarrei zuzendutako prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpainak bultzatzen direla.

Azkenik, “burutsua” dela Espainiako Gobernuaren estrategia, nabarmendu du. Alegia, Udalak herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa da, eta, beraz, erakunde hori da hoberena prebentzio-, detekzio-, berdintasunean oinarritutako hezkuntza- eta genero-indarkeriaren aurkako borroka-mekanismoak abian jartzeko. Are gehiago, udalei funtsak esleitzea giltzarritzat jo du emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta desagerrarazteko, modu arrakastatsuagoan. Haren ustez, “ezinbestekoa da politika egitea, funtsak gauzatzea eta, gainera, diru hori biktimengana iristea, haiek babestea, genero-indarkeria prebenitzea eta arrasatear gizartean gero eta sentsibilizazio handiagoa lortzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen