Jendetzak “Bizi osorako zigorrik ez!, Giza Eskubideak, Elkarbizitza, Konponbidea” aldarrikatu ditu

0
1416

Beheko testua: Sare.

Mila-mila esker gaur bertaratu zareten danori, bihotz bihotzez mila esker bizi arteko zigorraren ankerkeria agerian uzten lagundu diguzuen guztioi egun gazi-gozo honetan, zuen babes eta bultzadarik gabe ez zen posible izango.

Gezurra ari izan du egunotan baina gezurrari egia gailendu zaio, Unairen eta presoen egoeraren konponbidean urratsak emateko arrasatearron borondate irmoa. Faxismoak, eta haien errelato mendekatia elikatzen dutenek, gatazkaren irudietara bultzatu nahi bagintuen ere.

Mila esker euskal preso, deportatu eta iheslariek ere eskubideak dituztela aldarrikatzera etorri zareten danori.

Guzti guztiak etxerako bidean izan arte kaleak beteko ditugula ozen esan nahi dugu eta elkarbizitzaren, konponbidearen zein bakearen defentsan egunetik egunera gehiago izango garela ziur gaude.

Arrasateko eragile desberdinei eskerrik zintzoenak berriz ere, gaur hemen elkartu garen Arrasateko euskaltzale, pentsionista, kirolari, auzo elkarte, artista, mendizale, txalapartari, feminista, zinegotzi eta alkate ohi, sindikalista, dantzari, dispertsioaren gogorrena eta salbuespenezko politikak zuzenean ezagututako presoen senide eta beste hamaika lagun eta erakundek biziarteko zigorra behingoz amaitzea eskatzen dugu.

Ozen esan nahi dugu Unai kalean egon beharko lukeela aspaldi, soilik legea aplikatuz, eta hori da hain zuzen ere ekitaldi honetan eskatzen duguna: mendekua baztertu eta aplikatu ezazue lege arrunta!

Arrasaten une honetan preso bakarra dugu, baina gauza bera eskatzen dugu beste preso guztientzat, jakina.

Bereziki gogoan ditugu 7/2003 legepean biziarteko zigorrera kondenatutako presoak. Giza eskubide ororen kontrakoa da presoak, beraien senide eta lagunak, herri oso baten konponbide eta bake nahia, desesperantzara kondenatzea, NOIZ ARTE!?

Bestetik, legea bete gabe jarraitzen dute ondorengo oinarrizko puntuetan, aldarriak argiak dira:

  • Euskal preso guzak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute.
  • Gaixo dauden presoak eta 70 urtek gorakoak etxean egon behar dute.
  • Gradu progresioa aplikatuz, baimenekin ateratzeko aukera izan beharko lukete.
  • Hiru laurdenak beteta dituztenak etxean egon behar dira baldintzapeko askatasuna aplikatuz.
  • Salbuespenezko legeekin epaitutakoei legedi arrunta aplikatu behar zaie.

Guk elkarbizitzaren alde egingo dugu beti. Herri honetan sufrimendua egon da eta asko gainera, baina herri honetan ez dute sufritu batzuek bakarrik, herri honetan guzok sufritu dugu eta hori da lehenago edo beranduago guzok onartu beharko duguna. Eta preso, iheslari eta deportatuen kasuak konponbidean jartzea ezinbestekoa da sufrimendu hori arintzeko.

Ez gara luzatuko gehiago. Muxu goxo bat Oihana, ibilian-ibilian guz-guzak etxerako bidean jarriko ditugu.

Bizi osorako zigorrik ez! Preso iheslari eta deportatuak etxean nahi ditugu!

Azkenik, biharko hitzordura gonbidatzen zaituztegu. Faxismoa ez da sekula zilegi izango, presoen eskubideen defentsan diardugunok jo puntuan gaituzte, euskaldunak, feministak, komunistak, abertzaleak, LGTBI mugimendua, jo puntuan duten bezala. Hori dela eta, Gora Arrasate! ekimenak bilkura deitu du biharko, eguardiko 13:00etan, han izango gara. Faxistak ez Euskal Herrian ez inon!! Ez dira pasako!!

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen