EAJ-k, 13 milioi euroko soberakinei erabilpena ematea eskatu du

0
934

Argazkia: Mondraberri

EAJ-PNV-ek gaur, maiatzak 7, prentsaurrekoa egin du, Udal Gobernuak utzi dituen 13 milioi eurokoko soberakina dela medio. Bertan izan dira Agurne Juldain zinegotzia eta Ander Garay bozeramailea. Gobenuaren geldialdia kritikatu dute eta 6 proposamen jarri dituzte mahai gainean, “diru horri erabilpen bat emateko”.

Ander Garay bozeramaileak esan duenez, “Urtebete atzera botatzen badugu, esperotako sarrerrak 2 milioi altuagoak izan ziren eta 10 milioi euroko soberakin bat egon zen. Orain sarrerak 200.000 € baxuagoak izanda ere soberakina askoz altuagoa da”. Testuinguru honetan, Jeltzaleek argi dute soberakinen arrazoia: “Inoizko soberakin altuena daukagu, bereziki, paralizatuta dagoelako udala.” Bestetik, uste dute urriko osoko bilkuran onartutako %4 eta %5eko zerga igoera ez zela beharrezkoa, “soberakin bat egongo zela aurreikusten zelako” eta ” 0€-ko zor batekin, Udalaren egoera finantziarioa ona delako”.

EAJ-PNVren proposamenak

Analisi kritikoa egin ostean Ander Garayk 6 proposamen jarri ditu mahai gainean, “Arrasate biziberritzeko” eta “gauden paralisitik irten eta Udala berriz martxan jartzeko”. Lehen 4 proposamenak paralizatuta geratu ziren planak dira:

  1. Udalerriko asfaltatze-plana: 300.000 € udalerriko hainbat eremutan asfaltatze lanak egiteko. “Errepideetan geroz eta zulo gehiago daude”.
  2. Aprendices haur parkerako estalkia: 100.000 €-ko proposamena parke hori estaltzeko. “Duela 10 urte ez zegoen parke estalirik Arrasaten, orain badaude, baina denak auzoetan, edigunean falta da”.
  3. Santa Barbarako haur-parkea hobetzeko 100.000€. “Inguru aproposa da elementu naturalez sortutako parke bat eraikitzeko”.
  4. Iturripeko kiroldegia eraikitzea: 3.600.000 €-ko esleipena proposatzen dute, diseinurako 600.000 € eta obrak lehenbailehen hasteko 3.000.000 €. “Finantzaketa konpartitua izan behar den proiektua dela ulertzen dugu, baina Udalak obrak hasi ahal izateko dirua ordaindu behar du”.

Beste bi proposamenak berriak dira:

  1. Gorostizan igogailuak eraikitzea: 2.400.000 € mugikortasun-plana amaitzeko, soberakinetik erabat datozen funtsekin.
  1. Santa Teresa-Donezteberako dirulaguntzak: 2.000.000 €-ko proposamena energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko laguntzetarako, Eusko Jaurlaritzatik aldez aurretik jasotako finantzaketa osatuz. Eusko Jaurlaritzak laguntza eman zion Udalari aurreko legealdian. Laguntzaren zati bat Santa Teresako eta Doneztebeko 90 etxebizitzatan energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko neurriak ezartzeko bizilagunentzako laguntza-lerro bat zen. 90 etxebizitza baino gehiagok erakutsi zuten interesa, eta asko izan dira dirulaguntzarik gabe geratu diren bizilagunak. EAJ ren ustez, “aukera bikaina da soberakinetik 2.000.000 € bideratzea interesa izan baina laguntzarik gabe geratu diren bizilagunei laguntza horiek eman ahal izateko”.

Bestetik, gainerako soberakinak gordetzea eskatu du EAJ-k “beharrezkoa ez den zorpetzea sahiesteko” eta 2024ko aurrekontuan EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek duten 4.000.000€-ko mailegua eskaera ez gauzatzeko, superabita sahiesteko. Azkenik, Ander Garayk adierazi duenez, “proposamenak aurreko astean bideratu genizkion gobernuari, negoziatzeko eta akordio batera iristeko eskua luzatuz”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen