Javier Yanguasek ‘Pasos hacia una nueva vejez’ liburua aurkeztu du gaur arratsaldean Kulturaten, Nagusien Kontseilua elkarteak antolatutako ekitaldi batean. Psikologoak liburua pandemian idatzi zuen, eta heldutasunaren erronka sozial eta emozional handiak jorratzen ditu.
Yanguas (Donostia, 1963) gerontologoa da eta Psikologian doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Egogain Zentro Gerontologikoan lan egin zuen, eta Matia Fundazioan eta Matia Institutuan ikertzaile eta zuzendari izan da. International Association of Gerontology and Geriatrics erakundeko Gizarte Zientzien eta Portaeraren Europako Saileko presidentea izan zen. Irakaskuntzan aritu da Espainiako Estatuan eta atzerrian, eta zahartzearekin lotutako nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu du. Gerontologiaren arloan egindako ibilbideari esker, sari ugari jaso ditu. Gaur egun, Fundazioko Adinekoen Programako zuzendari zientifikoa da eta Aubixa Fundazioko proiektuen zuzendaria.

‘Pasos hacia una nueva vejez’ liburuak zahartzaroak planteatzen dituen erronkei buruzko hausnarketa egiten du, ikuspuntu psikologiko, emozional eta sozial batetik. Yanguasek bere liburuan azaltzen duenez, “gure gizarteak aurre egin behar dion erronkarik handienetako bat zahartzaroa da. Gero eta urte gehiago bizi gara eta seme-alaba gutxiago ditugu. Aldaketa demografiko horrek, bai eta gure bizimoduaren eta bizikidetza-moduen eraldaketak ere, belaunaldien arteko arrakala, isolamendua eta bakardadea areagotu ditu, heldutasuna ezagutzen genuenaren oso bestelakoa den garai batean. Dagoeneko ez dago zahartzaro bakar bat, baizik eta etapa bat baino gehiago, eta horrek zahartzea ulertzeko modu berri bat dakar berekin. Zaintzetan oinarritutako gizatalde bat eraikitzea helburu erabakigarria eta beharrezkoa izango da erronka handi honi aurre egiteko.”
Liburuan, gainera, honako galdera hauei erantzuten die: gure bizi-proiektua sakrifikatu behar dugu gure adinekoak zaintzeko? Nork eta nola zainduko gaitu seme-alabarik ez badugu edo gugandik urrun bizi badira? Zahartzaroa iritsita lanean jarraitu beharko dugu? Proiektu pertsonal eta kolektibo bat behar dugu bizitzaren etapa honi aurre egiteko?. Galdera horietatik abiatuta, Javier Yanguasek zahartzaro berriak dakarren erronkaren tamaina planteatzen du: gure bizitza eta gure gizartearen antolaketa baldintzatuko duen bizi-etapa.
