Javier Yanguas: “Adineko pertsona norberan zentratuta egoteak ez du zoriontsuago egingo”

0
592

Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, Psikologian doktore honek hitzaldia eman zuen Kulturaten. Zahartzaroaren ikuspegi “errealistago bat behar da, aktibitateetan hainbeste zentratu gabe”. Gainera, sistemak Covid-19an bereziki adineko pertsonak “baztertu ditu, ikuspegi homogeneizatzaile batetik”.

Pertsona nagusien egunean, urriaren 1ean, egin zen hitzaldia, Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta.

Javier Yanguas Lezaun (Donostia, 1965) Psikologian doktore da eta adinekoen inguruko ‘la Caixa’ko Fundazioaren programaren zuzendari zientifikoa.

Gaur egun Bartzelonan egiten du lan, eta Kulturaten ondorengo hitzaldia eskaini zuen: ‘Covid-19ak zahartzaroan ekarri dituen erronkak’.

Ekitaldiak segurtasun- eta garbitasun-neurriak hartu zituen, eta eskaini zitzakeen eserleku guztiak bete zituzten entzuleek.

Javier Yanguasek azaldu zuen gaur egun “aldaketa handi bat izaten ari dela zahartzean, baita oro har bizitza zikloan ere. Orain zahartzarora iristen ari dira historian ondoen prestaturiko belaunaldiak: adibidez etxetik kanpo lan egindako emakumeak, sare sozial zabaleko pertsonak,…”.

‘Baby boom’ garaian jaiotako pertsona hauek zahartzarora iristen ari direnez, “Euskadin adineko pertsonak biztanlego osoaren %30 izango gara 2030ean”.

Datu hori oso garrantzitsua da, besteak beste, “gizarteak ezingo duelako baztertu gizartearen %30 baztertu”.

Gaurkora itzulita, Covid-aren krisian “adineko pertsona kasu gutxi egin zaie: egoitzetako dramara mugatu dira, pertsona nagusien aniztasuna ez da kontuan hartu, herritar guztiei arau berberak jarri zaizkie, adinekoak ez dira aintzat hartu planifikazioak egitean,…”.

Hala ere, gogoan izan behar da “gaur egun adibidez 70 urte dituzten pertsonen egoera (fisikoa, kognitiboa, emozionala, harremanei dagokienez), 1980an 70 urte zituzten pertsonena baino hobea dela”.

Horren truke, “urte gehiago bizitzeak ekarri du gero eta zaharragoak izatearen ondoriozko gaixotasunak ugaritzea (dementzia edo minbizia esaterako). Hau da, oxidazioaren edota inflamazioen ondoriozko gaixotasunak”.

Gizarte indibidualistan eta Covid-aren testuinguruan “Caixa Fundazioan egin dugun ikerketa batek ondorioztatu du 65 urtetik gorako pertsonen erdiak dio bakarrik sentitzen dela”.

Javier Yanguasek aurreikusten du “pertsona horien seme-alabak okerrago biziko direla, eta ez bakarrik ekonomikoki”.

Gizarte honetan “familia bereko belaunaldi ezberdinen arteko elkarbizitza historiako luzeena da, eta belaunaldi horiek elkarren artean inoiz baino ezberdinagoak dira”.

Yanguasek zahartzaroan faseak ezberdinak daudela azaldu zuen, eta “horietako batzuk ez dagozkio zahartzoari: 65 urte dituzten pertsonak helduen ezaugarri gehiago dituzte adinekoenak baino: Uste dute helduagoak izan daitezkeela, pertsona bezala gehiago garatu daitezkeela,…”.

“Lehen ordea esaten zen zahartzarora iristean pertsonaren gainbehera hasten zela, fisikoki, kognitiboki, emozionalki,… Baina orain 65 urte dituztenentzat pertsona zaharrak euren aita-amak dira”.

“Ni Covid-aren krisian harritu nau zein esanekoak garen, ez nabil desobedientzia zibilera dei egiten, baina 65 urteko batek Covid-aren aurrean 50 urteko batek baino arrisku gutxiago izan dezake. 65 urtekoak erabaki dezake”.

“Alabaina, Osasun publikotik eta orokorrean gizartetik adineko pertsonei buruzko irudi generalista eta homogeneizatzaile bat zabaldu da”. Izan ere, “ez da aintzat hartu zahartzaroak etapa ezberdinak dituela, eta lehen etapan gizakia oraindik garapen pertsonala egiten dabil”.

Etapa horretan “pertsonaren kezka nagusietako bat da zertarako balia dezakeen bere denbora, zer egin dezakeen bere bizitzarekin”.

“Uste dut zahartzaroaren inguruko ideia edonistegia dugula, esan digutelako zahartzaroa IMSERSOarekin joateko denbora dela,… Baina euskal gizarteak ezin du bere biztanleen %30 alde batera utzi, bestela hondamendi bat izango da guztiontzat”.

Era berean, “zahartzaroaren ideia aktibitatetik eraiki da, zahartzaroaren ideiak ahuskortasuna, mendekotasuna eta ahultasuna ukatu ditu. Horiek gure bizitzan ahalik eta gehien atzeratzen saiatu behar gara, noski, baina gure burua obsesionatu barik”.

Izan ere, “zaila den arren, ahuskortasunari begietara begiratu behar diogu, enfasi gehiegi jarri dugulako aktibitatean. Zaintza bizitzaren zati bat da, eta ez dezagun gure burua engaina”.

Izan ere, zahartzaroaren aurreragoko fase batean “seguruenik laguntza beharko dugu. Ni hori ere kontuan hartzen duen diskurtso baten aldekoa naiz, diskurtso bateratzaile bat, zahartzaroko elementu garrantzitsuez eraikia”.

Covid-aren krisian “onartezina da pertsonak bakardadean hiltzea, Osasuna ez jasotzea,…“. Aurrera begira, bestelako zahartzaro bat planteatu zuen hitzaldian:

“Egiteari baino garrantzi handiagoa eman behar zaio izateari. Norberak norberaren zahartzarorako proiektu bat aurreikusi behar du. Gainera, gizarteari esan behar diogu ‘ez jarraitu gutaz pasatzen’, eta gizarteari planteamendu bat egin behar diogu”.

Izan ere, “baliabideak kontsumitzen dituzten pertsonak izango bagara, gizarteari ekarpenik egin gabe, gure jokabidea aurpegiratuko digute”.

Konfinamendua gogorra izan da zaintzaileentzat ere: “Irudika ezazu Alzheimerrak jotako pertsona baten zaintzailea konfinamenduan. Bi hilabete jarraian zaintza-lanetan, 24 orduetan eta etxetik ia irten ezinik”.

Aurrera begira, “adineko pertsonek agente aktibo izan behar dute,eta egia da honezkero pertsona ugarik horretan dihardutela, horren adibide garbia Arrasateko Nagusien Kontseilua da. Baina gizarteko adineko gehienek ez dute parte-hartze aktiborik”.

Era berean, pertsona “konprometitu behar da bere zaintzarekin, ez soilik fisikoki, eta norberaren baloreei, sentimenduei, emozioei,… buruz hausnartu behar du”.

Baita beste pertsonen zaintzarekin konprometitzea ere: “Zaintza ez da soilik jaten ematea, komunera laguntzea,… Zaintza ere bada besteekiko dugun jarrera, elkarrekiko harremanetan biak onuradun izatea, konpartitzea,… Nire ongizateak besteen ongizatearekin zerikusia izan dezala”.

Hitzaldiaren azken zatian Javier Yanguasek bakardadea eta harremanak izan zituen hizpide. Izan ere, “bakardadeak sufrimendua eta gaixotasuna eragin ditzake. Bakardadearen aurkakoa parte-hartze soziala da, besteak beste”.

Caixa Fundazioak duela bi urte egindako ikerketak erakutsi zuen “familia izaten jarraitzen duela pertsona nagusien oinarririk garrantzitsuena. Baina familia barruko belaunaldiak gero eta ezberdinagoak dira euren artean. Gainera familiak gero eta partaide gutxiago ditu”.

Adi, 20 eta 39 urte bitarteko pertsonen “%20 bakartze soziala izateko arriskua dago, bere lagunen sareak ez duelako kalitate nahikorik”. Portzentaje hori handituz doa, adinean aurrera egin ahala.

Beraz, “bigarren erronka bat ere badugu: harreman sozialen kalitatea. Harreman horiek zerikusia dute hurbiltasun emozionalarekin (emozioak konpartitu ahal izatearekin), laguntza eman eta jasotzearekin, harreman horietan parte-hartzea eta eurekin konprometitzea,…”.

Horrenbestez, Javier Yanguasek planteatu zuen “zahartzaroaren ikuspuntu edoniko baten ordez, gure ongizatea bilatu behar dugula besteen bizitzarekiko konpromisoan”.

“Ideia hau ez da berria, baina gogoratzekoa da, iparra galdu baitugu neurri batean. Norberan zentratuta egoteak ez du zoriontsuago egingo adineko pertsona”.

Bakardadeari dagokionez, pertsona bat bakarrik sentitu daiteke “harremanak dituen arren, harreman horiek garrantzitsuak ez badira, konfiantzazoak ez badira, pertsona hutsik sentitzen bada, aspertzen bada, emozio batzuk askotan baditugu (tristura, ahuskortasuna,…), zentzu gabeko bizitza bada, existentzia ulertzen ez bada,…”.

Laburbilduz, Javier Yanguasek adierazi zuen “erronka baten aurrean gaudela, zahartzearen mundua aniztasunetik eta ezberdintasunetatik ulertzeko erronka. Gainera, pertsonek zahartzaroa era oso ezberdinetan bizi dute, beraz ikuspegi homogeneizatzailea ez du zentzurik”.

Zahartzaroa ez “proiektuei, harremanei,… garrantzi handiagoa eman behar zaie. Izan ere, norbera garatzeko eta beste pertsonekin kooperatzeko garaia da. Hartara, politikariek ezin dituzte adineko pertsonak baztertu”.

Zahartzaroaren ikuspegi “errealistago bat behar da, fribolitatea baztertuz. Covid-ak erakutsi digu pertsonaren erantzukizun kolektiboagoa behar dela, etorkizunari begira”.

Hitzaldiaren ostean Arrasateko Nagusien Kontseiluko kideen argazkia egin zen, eta Covid-arekin hildako eta gaixotutako pertsonei omenaldia egin zitzaien.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen