Jauzi Ekosozialak antolaturiko Euskal Herriko II. Ekotopaketak Arrasaten ospatuko dira martxoaren 28tik 30era. Antolakuntzaren bozeramaile gisa, Nerea Zuloagak, Aritz Landetak botatako galderei erantzun zien atzo, Irati Topagunean. Ekologismoaren garrantziaz, izandako ibilbideaz eta Ekotopaketen egitarauaren inguruan aritu ziren besteak beste.
2022an antolatu zen lehendabizikoz Euskal Herriko Ekotopaketa, Portugaleten. Orain, Jauzi Ekosozialak bigarrenak antolatu ditu Arrasaten “jende berria erakarri, eztabaida interesgarriak sortu eta jendea aho zapore onarekin gelditzeko” helburuarekin.
Nerea Zuloaga Jauzi Ekosozialaren bozeramailearen hitzetan “Euskal Herriko II. Ekotopaketak ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta trantsizio ekosozialerako bidea eraikitzeko elkargunea dira” eta “Inoiz ezagutu dugun krisi ekosozial larrienaren aurrean” horrelako espazioen garrantzia azpimarratu du.
Lehenengo Ekotopaketan konturatu ziren “gai ekologistek eta ekosozialek bazutela lekua euskal gizartean eta eztabaida interesgarriak suertatu zirela”. Ordutik bi urte pasatu dituzte ekologismo berria saretzeko, izaera finkatzeko eta berau artikulatzeko lanetan.
Zuloagaren hitzetan “horrelako espazio batek saretzeko aukera ematen du, egunerokotasunean ez daukagu hainbeste aukera elkartzeko eta gai hauei buruz hitz egiteko”. Horregatik, bertaratzera animatu nahi izan dute jendea “krisi ekosozialak erantzuna behar baitu eta orain baita mugimendu ekologista indartu eta ekiteko momentua”.

Hiru eguneko egitarau zabala
Bestetik, aurtengo Ekotopaketetan jorratuko diren gaiak azaldu dituzte: turismoak dakartzan ondorioak; mugikortasun eredua; euskal gizartearen izaera industriala eta honen norabidea; elikadura burujabetza. Gazte ekologisten ikuspuntua jorratzeko eta mugimendu ekologistak behar duen estrategiaren gainean hausnartzeko aukera ere izango da, martxoak 28an (ostirala) hasiko den eta 30ean (igandea) amaituko den ekimenean.
“Gai asko jorratuko ditugu, mahai inguru dezente daude eta anbiziosoak izan gara” nabarmendu du egitarauaren inguruan Nerea Zuloagak. Gainera, Aritz Landeta elkarrizketatzaileak, mahai inguruez haratago, kontzertuak edo bertso saioa ere izango direla aipatu du.
Lau gune nagusi
Uarkapeko pilotalekua, alboan kokatuta egongo den info gunea, Monterron parkea, eta gaztetxea izango dira Euskal Herriko II. Ekotopaketei esleitutako guneak.
Otorduak eta lo egiteko gunea aukeratu ahalko da izen-ematea egiteko unean, horretarako prestatuko dute Uarkape frontoia. Dena den, otorduei dagokienean antolakuntzatik aipatu dute larunbat gauean ez dela afaririk egongo baina zerbait erosteko aukera izango dela, eta bestetik, edateko edalontzi berrerabilgarria eramaten saiatzeko eskatu dute. lo egiteko aukeraren harira, norberak eraman beharko du lo zakua eta esterilla
Gaztetxean bertsoafaria eta kontzertuak izango dira. Monterronen berriz, igandeko asanblada irekia.
Izen-ematea
Ekotopaketen gaineko informazio guztia Jauzi Ekosozialaren webgunean dagoela adierazi dute eta, bide batez, izena ematera eta itsulapikoa.eus plataforman abiatu duten crowfunding kanpañan ekarpena egitera gonbidapena luzatu dute.

Martxoak 28, ostirala
17:30, Harrera info-gunean
18:30, Bi aukera:
- A aukera: “Borroka zaharrak belaunaldi berriak”. Gazte esperientziak eta antolakuntza borroka ekologistan ARRAN, Fridays For Future Bilbo eta Jauzi Ekosoziala.
- B aukera: “Lurra landuz etorkizuna erein”. Ereinda, Isa Alvarez (Baladre) eta Gotzone Zestorain (Etxalde)
21:30, Bertsoafaria: Andoni Rekondo eta Ane Zuazubiskar. Gai-jartzaile: Libe Goenaga
Martxoak 29, zapatua
9:00, Gosaria frontoian
10:00, Hiru aukera:
- A aukera: “Non dago frenoa?”. Mugikortasun kapitalista aztergai, David Hoyos, Biziz Bizi eta Uxue Jauregizar
- B aukera: “Euskal Herria, industria herria?”. Burujabetza, desazkundea eta langileria, Mecaner Herriarentzat Ortzi Arkizu eta Gasteizkoak
- C aukera: “Porlanomania”. Mendi txangoa
12:30, “Tourist come home?”. Turismoaren ondorio ekosozialak, Ana Geranios (Andaluzia) Margalida Ramis (GOB, Mallorka) eta Bizilagunekin
15:00, Bazkaria frontoian
17:30, “Orain ez da berandu”. Antola gaitezen krisi ekosozialaren aurrean, Eva Vilaseca (Assemblea Catalana per la Transició Ecosocial), Ostia/Soulevement de la terre, Jauzi Ekosoziala eta Bizi
21:30, Kontzertuak. “Mikosis” eta “Ezezez”, ondoren musika jartzaileak
Martxoak 30, igandea
10:00, Gosaria frontoian
11:00, Asanblada Monterron parkean





