Lehen esposizioak azaltzen du Udalako Ingurumen Eskolak eta Arrasateko ikastetxeetako ikasleek azken bi ikasturteetan nola landu duten garapen iraunkorra. Bigarren erakusketak azaltzen ditu, larrialdi klimatikoaren baitan, eskualdeko diagnostikoa eta ondoriozko erronkak, D2030ean eskutik.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan genuen atzo, eta bisita gidatu bana egin zen bi erakusketetan.
Horretarako, Udalako Ingurumen Eskolako eta Debagoiena 2030eko ordezkariek ekitaldia gidatu zuten.
‘Energia Hiri Jasangarrian’ erakusketa Udalako langileek eta herriko ikasleek Eskolako 2030 Agenda proiektuaren barruan egindako lanaren emaitza da.
Hain zuzen, erakusketako bisitariak “ezagutu ahal izango du Arrasateko ikasleek azken bi ikasturteetan nola landu dituzten garapen iraunkorreko 11. eta 7. helburuak” hau da:
“Hiri eta komunitate jasangarriari buruzkoa, eta energia irisgarria eta ez-kutsagarriari buruzkoa”.
Arrasateko Udalak eta Udalako Ingurmen Eskolak helburu dituzte “herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea, jasangarritasunaren arloan herrian daukagun egoeraz jabetzeko eta eraldaketaren bidean herritarrak ahalduntzeko”.
Azpimarratzekoak da ere “oinarrituta dago iaz herriko diagnostikoan antzemandako arazo ekosozialei aurre egiteko ikasleen artean adostu genuen Esku Hartze Planean”.
Atzoko bisita gidatua Udalako Ingurumen Eskolako Kandy, Naiara eta Maribik eman zuten. Halaber, Garazi San Miguel Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak parte hartu zuen.
Erakusketaren irekieran ere hainbat ikasle izan ziren, eurek zaindutako landareak erakusgai, eta jasangarritasunaren inguruan hausnartzeko gunean.
Eskola Agenda 2030ak ere herensuge baten irudia egin zuen [goiko argazkian] jasangarritasunaren aurkako zenbait jarduera agerian uzten dituena.
Datorren bisita gidatua ekainaren 12an izango da, arratsaldeko18:30ean, aurrez izena emanda helbide honetan: ieskola@arrasate.eus.
Gainera, datorren astean ere Lehen Hezkuntzako ikasleekin bisita gidatuak egingo dituzte Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek. Erakusketa zabalik izango da ekainaren 16ra arte.
Ildo berean, eta leku berean, Kulturateko kalistroetan alegia, Debagoiena 2030 ekimenak erakusketa ireki du:
‘Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak’ du izena, hain zuzen, larrialdi eta trantsizio energetikoa kontuan hartuz.
Zenbait helburu ditu: eskualdeko “diagnostiko energetikoa eta bere inpaktuak ezagutaraztea, aukerak mahai-gaineratzea, eta erronka honen inguruko hausnarketak partekatzea”.
Erakusketaren xehetasunak D2030eko Aritz Ameztegi Elolak eman zituen. Erakusketa hau ere ekainaren 16ra bitarte izango da zabalik.
Aipatzekoa da erakusketa hau kokatzen dela ‘Iraunkortasunari hamaika begirada’ egitarauaren baitan.
Gainera, ekainaren 11n, Kulturaten Teknikerreko teknikari bat egongo da herritarrei aholkularitza emateko, energiarekin lotutako gaien inguruan, arratsaldeko 16:30etik 20:30era.
Aholkularitza jasotzeko aldez aurretik txanda hartu behar da helbide honetan: ieskola@arrasate.eus edo telenono honetan 943 77 04 88.
Albistea osatzen gabiltza




