Jare Urrutiak Europako Ne-Wazako urrezko domina lortu du Rigan

0
1215

Europako Judo Federazioak (EJU) antolatutako Europako Ne-Waza Txapelketaren lehen edizioa jokatu da pasa den asteburuan Rigan (Letonia) eta bertan, Arrasateko Desoreka Judo Klubeko Jare Urrutiak -57 kadete kategorian urrea irabazi du, nazioarteko garaipen historikoa lortuz.

15 urteko kirolari arrasatearrak ibilbide azpimarragarria du atzetik: Espainiako txapeldun izan zen infantil mailan eta emaitzak lortu zituen kadete mailako Espainiako Kopetan. Besoko luxazio baten ondorioz lehiaketatik kanpo denboraldi bat igaro behar izan bazuen ere, 2026an gogor bueltatu da: Espainiako Sambo Txapelketan txapeldunorde geratu zen eta Toulouseko (Frantzia) 5 Kontinente txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen.


Lurreko borrokan (Ne-Waza) daukan gaitasuna ikusita, nazioarteko maila gorenean lehiatzeko erronkari heldu eta Espainiako Federazioari baimena eskatuta bidaiatu zuen Rigara.

Rigan hiru borrokaldi jokatu zituen, eta hiruak sumisino bidez irabazi. Final-laurdenetan munduko rangkingean 87. postuan dagoen Lituaniako judoka bat izan zuen aurkari. Borroka gogorra izan zen arren, Jarek juji-gatame teknika baten bidez amaitu zuen. Finalerdietan Letoniako judoka bat garaitu ondoren finalerako txartela eskuratu zuen eta, azkenik, Estoniako kirolariari berriro ere sumisioz gailenduta, Europako txapeldun bilakatu zen.

Babes bila

Kirol mailako arrakastaz haratago, esperientzia hau ahaztezina izan da Jarerentzat eta baita bere aita eta entrenatzailea den Markel Urrutiarentzat ere.

Hala ere, maila honetan lehiatzeak erronka ekonomiko handia dakar senitartekoentzat eta klubarentzat. Bidaiak, lehiaketa-gastuak, kirol-materiala eta entrenamendu-stageak ordaintzea zama handia da kanpoko laguntzarik gabe.

Horregatik, Desoreka klubetik «inguruko enpresa eta erakundeei deialdia luzatzen zaie Jare Urrutiaren kirol-ibilbidea babestu dezaten. Jarek badu grina, talentua eta gogoa; orain, emakume lehiakor honek bere bidea garatzen jarraitzeko beharrezko bultzada ekonomikoa lortzea da helburua».

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen