Azaroaren 25aren harira, Arrasateko Feminismoak bi ekitaldi nagusi antolatu ditu, Udalarekin elkarlanean: elkarretaratzea beltzez jantzitako herritarrek osatua, eta ‘Florecica-Josefina Lamberto’ dokumentalaren emanaldi-solasaldia.
Goiko irudia: MB artxiboa.
Datorren asteazkena Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango dugu, ‘Bakartzen gaituzten biolentzien aurrean, josi ditzagun sareak!’ goiburuarekin.
Egitaraua antolatzen aritu dira Arrasateko Bilgune Feminista, Pottogorriak, Arrasateko Emakumeen Mundu Martxa, Ekin Emakumeak eta Jaiki gorputz eremuak, Emakume Txokoarekin eta Udalarekin elkarlanean.
Azaroaren 25erako, Arrasateko Mugimendu Feministak kontzentrazioa deitu du, 19:00etan herriko plazan. Parte-hartzaileak beltzez jantzita bertaratzeko eskatu dute. Udalak “herritarrei bertan parte hartzeko deialdia luzatu die”.
Ostegunean, ‘Florecica – Josefina Lamberto’ dokumentala eskainiko da 18:30ean Kuturateko areto nagusian. Ondoren dokumentalaren egileekin solasaldia egingo da.
Azaroaren 27, 28 eta 29an dokumentala online ikusteko aukera izango da, florecicaonline.wixsite.com/arrasate webgunean edo QR kodeen bitartez.
Egitarau honekin, Udaleko Emakume Txokoak indarkeria matxistaren inguruko memoria kolektiboari eta historikoari erreparatu nahi dio: “Bidez batez, Memoria, Justizia eta Erreparazioa oinarri lituzkeen erantzukizun kolektiboaren kultura hedatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu Indarkeria Matxistaren Aurkako egunean”.