JAME obren atzerapen berriak ez du kalte-ordaina ordainduko, “uztailaren 5ean” bukatuz

3
471

Konstruktorari eguneko 3.000 euroak barkatzea aurpegiratu diote EH Bilduk eta Podemos Arrasatek EAJ-PNVri eta PSEri. Moyuak argudiatutako “garraio greba eta eskatutako aldaketak” justifikatu ditu Udalak. Obrak “uztailaren 5ean” bukatzekoak dira.

Irudia: Udala.

Moyua konstruktorak bigarren atzerapen bat eskatu dio Udalari, Aprendiceseko obretan, Juan Arzamendi Musika Etxea egiteko.
Obrek zenbait atzerapen izan dituzte, eta adibidez, azken aurreikuspenen arabera, 2022ko martxoaren 6an amaitzekoak ziren.

Alabaina, Moyua konstruktorak atzerapen bat eskatu zion Udalari, eta martxoaren 10ean Plenoaren gehiengoak (EAJ-PNV eta PSE) onartu egin zuen.

Lanak ekainaren 6an amaitu behar ziren, baina gaur (ekainaren 14an) ez dira bukatu. Moyuak aurkeztutako argudioen artean, udal-txostenak bi justifikatu ditu: “Garraio greba eta eskatutako aldaketak”.

Ondorioz, konstruktorak beste luzapen bat eskatu du, eta obrak “uztailaren 5erako” amaituko dituela iragarri du.

EH Bilduk atzerapenaren eta atzerapena ez kobratzearen aurka bozkatu du. “Hala egin genuen eta koherentziaz hala egingo dugu, izan ere, kontraktuak dio, atzerapen egun bakoitzagatik, 3.000 € ordaindu behar dizkiola Moyuak Arrasateko herriari”.

Aprendiceseko obra “atzerapen handia dauka” eta EH Bilduk adierazi du “gai hau ez zabiltzatela ondo gestionatzen. Gobernu honek bere gain hartu ditu obra hauen exekuzioen konpetentziak”.

Ordea, “edozein herritarri eta enpresari eskatzen bazaio kontratuak betetzea, ez dugu ulertzen zergatik Moyuari ez zaion eskatzen”.

Podemos Arrasatek ere aurka bozkatu du “ez zaigulako zentzuzkoa iruditzen Covid garaian epez kanpo justifikatutako laguntzak herritarrei eskatzen diezuen bitartean enpresa bati epea barkatzen diozue”.

EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak adierazi du oposizioaren jarrerak “pena” eragin diola. Txostenak aipatzen duena adierazi du: “Gure ustez, onargarria da obrak egiteko epea luzatu behar izatea”.

Onartu egin du obrek zenbait atzerapen izan dituzte “pandemia, Errusiak Ukraina inbaditzea, prezioen garestitzeengatik,… eta horiek ondorioak dituzte obra guztietan”.

Anuska Ezkurrak oposizioa akusatu du “zuen ezezkoengatik balitz, Kulturola gaur-gaurkoz ez zen eginda egongo, zeren eta obrak geldiaraziko zenituzkete. Udal-gobernuak eraman ditu aurrera, zuek holako proiektuak ez zenituzkete aurrera aterako”. Zuenak ‘cuentos chinos’ dira”.

Gogora ekarri du 2007an irailaren 13an “ia 600 neska-mutiko geratu ziren Arrasate Musikal ezagutzen genuenetik kanpo, eta 15 urte daramatzate Monterronen”.

EH Bilduk labubildu du bere planteamendua: “Juan Arzamendi Musika Etxeari bai, Juan Arzamendi Musika Etxearen gestio txarrari ez. Kulturolari bai, Kulturola gaizki gestionatzeari, ez”.

Maider Morrasek Anuska Ezkurrari erantzun dio “zuk diozunean gu kultur proiektu horren aurka gaudela, gezurra esaten ari zara. Guk diogu JAME aspaldi eginda behar zuela”.

Gaineratu duenez Udal-gobernuak “ez zabiltzate berme hori exekutatzen. Guk ez diogu eraikina egiteari oztopoak jartzen, gu Kulturaten alde gaude, Kulturola egiteko ideia gure gobernuan jaio zen”.

EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak adierazi du “Udal-gobernu honi esker, Arrasaten Kulturola lortu den bezala, Juan Arzamendi Musika Etxea egitea lortuko da”. Gehitu duenez, oposizioak “bidean oztopoak jartzen dituzue”.

Podemos Arrasatek ezagutzera eman du “txostenean ere jartzen duela ‘egia da azaldutako argudio batzuek ez dutela justifikatzen sortutako atzerapena’. Esaldi hori ere txostenean jartzen du”.

Eva Abuinek adierazi du gaur Udalbatzarreko mahaian jarritako gaia izan dela obretako “atzerapena barkatzea eta epea luzeatzea, ez proiektua bera”. Podemos Arrasatek salatu duenez “400.000 € barkatzen ari zarete enpresa bati”.

Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak goitik behera ukatu du “gu Kulturaren aurka gaudenik” eta azpimarratu du oposizioko “zenbait zinegotziok Kulturolaren alde egin dugun lana”.

Kultura zinegotzi ohiak azaldu du “herriko kultur eragile guzti-guztien egoitzak bisitatuak ditudala” eta Kulturola egiteko “lan pilo bat egin nuen”. “Zorionez Kulturola egin da, eta oso pozik gaude horregatik”.

Udal-gobernuak ukatu du “dirua barkatzen ari garenik, txostenak justifikagarria dela adierazten baitu. Badiru delitu bat egiten ari garela, Udal-gobernuak ez du legala ez den ezer egiten”.

Azkenik, Maider Morras zinegotziak adierazi du “egia dela Moyuari exijitu ahal zaiola, LKSek adierazi bezala, eguneko 3.000 € exijitu ahal zaizkiola. Baina zuek ez duzue hori egin, hala erabaki duzuelako”. Debatearen ostean, bozketaren emaitzak ondokoak izan dira:

  • Aldeko botoak: EAJ-PNV eta PSE
  • Aurkako botoak: EH Bildu eta Podemos Arrasate

3 IRUZKIN

    • urteetako atzerapenaren errua izengo da 2007ko irailetik izan diren gobernuena, ez dauiela ezebe in, 15 urte goaz eraikin duin baten zain arrasate Musikaleko ikasle eta irakasleak, gure nahia amaitzea da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen