JAME bete da AEDren literatura emanaldi musikaturako

0
476

AEDren 40. urteurrenaren ospakizunen barruan, gaur arratsaldean literatura emanaldi musikatua egin da Juan Arzamendi Musika Eskolan. Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleek, Anne Etchegoyen abeslariak, Iñar Sastre musikariak eta Olatz Prat kazetari eta musikariak parte hartu dute.

Emanaldia Iñar Sastre musikariak ireki du, pianoan pare bat abesti interpretatuz. Jarraian, Olatz Prat musikariarekin eta Anne Etchegoyen abeslariarekin batera aritu da. Etchegoyenen kasuan, disko berriaren estreinaldiaren aurrerapena izan da.

Olatz Prat kazetaria da ere, eta moderatzaile lanak egin ditu Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleek izan duten solasaldian. Besteak beste, euskal literaturaren egungo egoeraz aritu dira solasean. Hitzaldiaren aurretik, bakoitzak testu bat irakurri du Iñar Sastre pianistak lagunduta. Errezitaldiaren amaieran, entzuleek galderak egiteko aukera izan dute.

Ospakizunak ekainaren 1ean hasi ziren ‘AED, 40 urte Arrasate euskalduntzen’ erakusketarekin, eta urriaren 22an Maria Osesek idatzitako ‘Ni eta nitarrak’ monologoarekin.

Azaroan eta abenduan jarduera gehiago

  • Azaroaren 8a Kulturateko areto nagusian eta 19:00etatik aurrera Lanartea, Euskararen langile profesionalen elkarteak ekoiztutako “Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte” dokumentala proiektatuko da. Ikus-entzunezko horretan, zazpi sortzaile euskaldun eta gazte etorkizunean profesionalki artista edo sortzaile izateko aukeren inguruan hausnartzen jarri ditu elkarteak.
  • Euren testigantzek bide emango dute, proiekzioaren ostean, euskal sortzaileen egoeraz eta lan baldintzez gogoeta egiteko, Eneko Barberenak gidatuta, Lanartea elkarteko Amagoia Gurrutxagarekin eta dokumentalean mintzo den Oihana Aranarekin batera.
  • AEDk antolatutako ekintza horiez gainera, Euskaltzaleen Topagunearen 3. Kongresua ere Arrasaten egingo da, azaroaren 18an eta JAMEn.
  • Urteurreneko ekitaldiei ospakizun giroan emango diete bukaera, abenduaren 2an egingo duten Azken jaian. Egitarau zehatza hurrengo astean iragarriko dute.
  • Abenduaren 12an, Kulturolan, Udal euskaltegiaren aretoan, 19:00etan Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak eskainiko duten “Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok?” hitzaldi-musikatuarekin. Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imaginarioan? Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean? Galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko dira zuzeneko musika lagun.

Sarrera doan eta irekia izango den arren, aurrez izena ematea komeni da, aforo mugak tarteko; aed@aedelkartea.eus




ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen