Intxorta 1937 Kultur Elkarteak 36ko gerran jazarriak izan zirenen memoria belaunaldi berriei transmititzeko helburuarekin antolatutako Egiarekin Topaketak saioak gaur izango dute azken ekitaldia, “Jaime Uriarte Cestona. Miliciando en Intxorta, exiliado en el Winnipeg” liburuaren aurkezpenarekin. Saioa Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan izango da, arratsaldeko 18:30ean eta Sady Arenas, liburuaren egile txiletarra bertan izango da.
Topaketa hauen baitan, atzo “Winnipeg Itxaropenaren ontzia” filma eskaini zuten Aima Antzokian. Argazkian Jone Landaluze, Julia Monge, Beñat Beitia, Maia Zaitegi, Sady Arenas Uriarte eta Juan Ramon Garai ikus ditzakegu, ekitaldiaren ostean. Sadyk gogoratu zuen, ontzi horretan, kataluniarren ostean, euskaldunak zirela gehien, tartean hiru arrasatear; Jaime Uriarte Cestona, Union Cerrajerako langilea, Fernando Uribesalgo Icaran, arotza, eta Rogelio Izarra Ijalba, maisua.





