Jaikiren gutun irekia Arrasateko PSOEri

1
1801

Aspalditik, Arrasateko Herri Mugimenduak, eta horren baitan, Jaikik, Arrasateko Udalak kale garbiketaren aitzakiarekin propaganda politikoarekin eta kale aldarrikapenekin duen obsesioa salatu izan du. Hala ere, azken hilabeteetan PSOEren esku dagoen Obra, Zerbitzu eta Mantentze departamenduak biziki gogortu du herrigintzaren eta adierazpen politiko desberdinen kontrako oldarraldia, udaltzainei agintzeraino kartelak zelo hutsez jartzeagatik herritarrak identifikatzeko.
Ikustekoa da gero, bere burua “sozialistatzat” daukan alderdi batek nolako amorruz kentzen dituen greba orokor baten kartel eta pankartak, pentsionistenak, Aita Menniko langileen aldarrikapenak, joko adikzioaren inguruko informazioa jasotzen duten orri eta pankartak (besteak beste)… egun batetik bestera, edo egunean bertan. Ikustekoa baino, lotsagarria eta arbuiagarria da.
Beste behin, PSOEk erakusten du, bere langile jatorriari enegarren aldiz traizio eginez, bere iraganeko mobilizazio eta lan politikoari uko eginez, eliteen menpeko tresna erreakzionario hutsa bilakatu dela; bereziki Euskal Herrian, non besterik gabe, eskuin espainolista eta monarkikoaren beste papeleta bat bilakatu den aspalditik. Ez duzue eskrupulorik euren eskubideen alde lanean eta borrokan diharduten pentsionisten eta Arrasateko langile prekarioen ahotsa guztion diruaz isilarazteko ere, dagoeneko ez duzuelako boterean mantentzea ez den beste printzipiorik, ez hemen, ez inon.
Horregatik, dei egin nahi genieke Arrasateko langile guztiei babesa eta botoa kendu diezaioten behin betiko, ezkerraren nahiz sozialismoaren izena desitxuratu eta saltzen duen PSOE alderdiari, eta beren soldata legealdi guztietan diru publikoz igotzen duten zinegotziei. Hurrengoan eurak egon daitezkeelako euren eskubideen alde borrokan, eta traizionatu egingo dituztelako, ostera ere.
Era berean, gogorarazi nahi genioke, bai PSOEko zinegotziei, bai Udal Gobernu osoari, euren jarlekuetan dirua eroso irabazten jarraitzeko egiten duten zentsura sistematikoari lana biderkatuz erantzungo diogula, bai Jaikik, bai beste edozein eragilek; eta gurekin jai dutela, nekatuko garela uste badute.
Gora langile borroka! Gora langile elkartasuna!

Iruzkin 1

  1. Lotsagarrixa PSOEen jarreria ta be PNVna. Ez da harritzekua ze bi-hiru dazen hor sartuta ikusitxa. Kartelak kentzia gustetan jakon bat batez be.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen