Covid 19aren izurriaren ondorioak saihesteko neurri egokiena da Espainiako Gobernuak dekretatu duen alarma egoera hau.
Argazkia: Ramon Ugaldek bidalia.
Dekretu horren ondorioz populazioaren zati handi bat etxeetan geratzera behartuta egongo da, martxoaren 15etik apirilaren 15era. Hau da, 35 egunetan jendeak etxean sartuta egon beharko du. Egon beharko dugu. Egia esan halabeharrezko salbuespen batzuk izan ezik, mundu guztiak egiten du irtenalditxo bat erosketak egiteko edo txakurra paseatzeko.
Beste sektore batzuetan lanean jarraitzen dute: kale garbitzaileak, lorezainak, lantegi askotako langileak …
Eskolak, eta antzeko zerbitzu gehienak aldiz itxita daude: jangelak, bibliotekak. Anbulatorio eta Ospitalen egoera ez dut ezagutzen baina jendea ez da ikusten eraikin horietan. Eta segurutik kolapso egoeran ez dira egongo. Non dago alarma egoera dekretatu aurretik eraikin horietako itxaron gelak eta pasiloak betetzen zituen jende andana? Etxean artatzen dituzte, bideo konferentzia bitartez, telefonoz …? Edo inor ez da joaten anbulatoriora alarma ezarri zenetik, edo asko murriztu da. Ala zerbitzu hori ez da hain beharrezkoa? Ez dakit, baina agian konfinamenduarekin kolapsatzeko gainezka egiteko arriskua ekidin dute.
Moskun ordea beste modu bati ekin diote arriskuari: 65 urtetik gorako pertsonendako soilik da konfinamendua. Etxean geratu behar dira 14 egunetan, ezertarako ere ezin dira atera. Eta neurri honekin isolatuta gelditu direnei laguntzeko “Myy vmeste/Gu Elkarrekin” erakundea sortu dute elikagaiak eta botikak euren etxeetara eramateko. Gainera 50 euroko laguntza agindu die Moskuko alkateak. Bestalde gogoratu behar dugu Errusian aspaldi hartu zirela izurri honi aurre egieko neurri batzuk: Txinako muga zeharo itxi eta testak egiten ere aspaldi hasi ziren.
Suedian ere eskolak ez dituzte itxi, jarduera ekonomikoa ez da eten. Gobernuak kontaktu soziala gutxitxeko aholkua eman du eta 70 urtetik gorako pertsonei bereziki kontu handirekin ibiltzeko eskatu.
Europa Hegoaldeko estatuetan Txinako eredua kopiatzea erabaki dute.
Zientzia sozialen arazoa zientzia fisikoekin alderatuta da esperimentuak ezin direla errepikatu eta ziurtasun osoz ezin izango dugu jakin zein bide izan den eraginkorrena izurria desagertarazteko eta esperimentu sozial honen ondorio negatibo guztiak gainditzeko. Ba al dago frogaren bat populazio guztia, baita sano dagoena ere, etxean egotera behartzea ez dela kaltegarria?
Nork ziurtatu du 35 eguneko konfinamendu honekin birusa desagertu egingo denik? Posible izan daiteke konfinamendu egoera hau aldizka errepikatzea?