Grupo San Joaneko zentro berrian, yoga saioak izan ziren irekiera egunean, eta bertan Kanarietako, Arrasateko,… lagunek parte hartu zuten. Egonaldi honetan, naturarekin konektatzeko aukera ere izan zuten. Grupo San Joaneko lokalaren ateak zabalik dituzu.
Argazkiak: Isabel Kirze – Izadi Ongizate Zentroa
Irekiera egunari hasiera emateko, Sonia Campra adituak yoga eta ‘readaptación postural’ saioa eman zuen.
Arrasateko saioetan Kanarietatik, Madrildik, Galiziatik, Mungiatik, Zestoatik,… etorritako ikasleek parte hartu zuten. Baita hainbat arrasatearrek ere.
Aipatzekoa da, saioa hasi aurretik, Izadi zentroko arduradunari, Isabel Kirzeri, opari batzuk egin zizkiotela, eta arrasatearrak esker onez eta hunkiturik jaso zituela.

Goizeko 9:30etik eguerdiko 12:00etara egin ziren saio hauek. Ondoren, ikasketa saioen txanda izan zen, Sonia Camprarekin, “aditua bertan zela baliatu genuen”, Isabel Kirze arduradunak azaldu bezala.
Ekimen honek aurrera jarraitzen du, eta 5 ikasketa saioek asteartean eta ostiralean jarraitzen dute, hain zuzen, urtarrilaren 18an, 21ean, 24an, 28an eta 31n. “5 saioak osatuko dituztenek aukera izango dute mantentze-klaseak jasotzeko”.

Umeentzako yoga klaseak ere antolatzen ditu Izadik, eta asteazkenetan arratsaldeko 17:00etan egitekoak dira, “animatu probatzera”.
Irekiera egunera itzuliz, ikasketa saioen ostean, irekiera ospatu zuten, besteak beste, Udalpen bazkaria ospatuz. “Afaria eta parranda ere ospatu genituen” adierazi digu Isabelek umoretsu.

“Irekiera eguna hunkigarria izan zen, osoa, maitasun handia jaso nuen, eta urrundik etortzerik izan ez zutenengandik ere maitasun eta babes mezuak jaso nituen”.
Horien artean dira Marta Timon (Izadiko logotipoaren egilea), Salamancako Mari Carmen eta Natalia, Malagako lagunak, Madrilgoak,…

Etorri ahal izan zirenek, ordea, herenegun Urbiara txangoa egin zuten. “Naturarekin konektatzeko ekimen bat izan zen – azaldu digu Isabel Kirze antolatzaileak – , yoga norberaren buruarekin konektatzekoa den bezala. Beraz, mendi-irteera hau ekimen osagarri bat izan zen”.
“Naturaren esentziara, purutasunera eraman gura nituen nire lagunak, eta bidean elurra izan genuen. Lagun batzuk zur eta lur geratu ziren, aurrez ez zirelako inoiz elurretan izan”.

Egonaldiaren bukaeran, Isabel Kirzek bisitariak Loiuko aireportura joaten lagundu zituen, eta hemendik aurrera “gogor lan egiten jarraitzea tokatzen zait. Irekiera egunean adierazi nuen bezala, egia egitea da aurrera egiteko modu bakarra”.
“Eskerrak ematen dizkiet irekiera egunera etorri ziren pertsona guztiei, euren borondatez irekieran izan zirelako, mila esker bihotzez”.