Itziar Aguadok Gasteizko hiri-jasangarritasunaren argi-ilunak azaldu ditu

0
259

Goienagusik antolatuta, Itziar Aguado Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle agregatuak ‘Nola eraikitzen da hiri bat. Gasteizko kasua’ hitzaldia eskaini du gaur goizean Kulturaten. Nahiz eta eguraldi txarra izan, beste behin ere, Kulturateko areto nagusia bete egin da.

Hitzaldian Aguadok Gasteiz hiri jasangarriaren adibide gisa aztertu du. “Hiri honek sari ugari jaso ditu bere proiektu enblematikoengatik, hala nola, gizarte etxeen sarea, bere eraztun berdea edo bere mugikortasun jasangarriaren planaren ezarpenagatik.”

Hala ere, azpimarratu du Aguadok “Gasteizek azken urteetan izan duen hedapenak ez duela koherentziarik izan biztanleriaren hazkundearekin. Hiria gero eta lausoagoa bihurtzen ari da eta komunitatea eraikitzeko eta 15 minutuko hirira iristeko behar den trinkotasuna galtzen ari da. Horregatik, azpiegitura berdeen garapenean eta mugikortasun iraunkorreko politikan oinarritutako iraunkortasunaren aldeko apustua ez dator bat hartutako hiri-ereduarekin.”

Itziar Aguado

Itziar Aguado (Gasteiz, 1978) Ekonomian doktore da (UPV 2005) eta irakasle agregatua unibertsitate bereko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailean. Bere ikerketa lana 2000. urtean hasi zuen, doktoratu aurreko ikerkuntza beka batekin, politika publikoen ebaluzioaren ingurukoa. Bere doktoretza-tesiak, Tokiko Agenda 21a Garapen Iraunkorren erreminta gisa aztertuz, Bikain Cum Laude kalifikazioa lortu zuen, aho batez. Era berean, UPVek aitortu egin zion Doktoretzako Lehen Aparteko Saria Gizarte- eta Zuzenbide-zientzien alorrean 2008. urteko ekainean.

Gaur egun Iraunkortasunerako Gobernantza eta Marketing Talde Kontsolidatuko kide da, Garapen Iraunkorreko eta lurralde-gobernantza politikak lantzen dituen taldea. University of Reno-ko (AEB) irakasle bisitari izan zen, eta ikerkuntza-proiektu askotan parte hartu du. Proiektu hauek helburu dute politika publikoen ebaluazioa, garapen iraunkorra ikuspuntu multidimentsional batetik eta hiri-plangintza. Proiektu hauetatik gehienak ikerkuntza-talde kontsolidatuaren baitan egin ditu, eta ikerlari gisa elkarlanean dihardu Universitat Autònoma de Barcelonako talde prestigiotsu batekin.

Lankide hauekin MINECOren bi proiektutan hartu du parte, lehena Auzo efektua eta berdintasun ezari buruzkoa, eta bigarrena, egun horretan diharduelarik, ondoko titulua duena: ‘Segregación urbana, densidad institucional, innovación social y actitudes políticas en las grandes ciudades españolas’ (‘Hiri-segregazioa, dentsitate instituzionala, gizarte-berrikuntza eta jarrera politikoak espainiar hiri nagusietan’). Proiektu hau ‘Apurtutako metropoliak’ proiektu koordinatuaren eta FRAMET sarearen baitakoa da. Universidade de Santiago de Compostela eta Universidad Politécnica de Madrid-ek ere esku hartzen dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen