Itxita dauden Ibai-Arteko komertzioak “indartsuago itzuliko gara”

0
2065

Arrasateko denda ugarik euren ateak itxi behar izan dituzte derrigorrez. Bertako komertzioarentzako beste kolpe bat. Baina merkatariek ez dute amore ematen, eta iragarri dute “herritarren laguntzarekin, herria sortzen jarraituko dugula. Eskerrik asko, beti bezala”.

Jon Apraiz (Ibai-Arteko lehendakaria):

– Salmentei dagokienean, nolakoa izaten ari zen 2020 urtea koronabirusa agertu arte?

– Arazo nagusiena da egoera hau berria ez dela, krisian gure salmentek gainbehera latza izan dute, eta ezingo ditugu berreskuratu. Izan ere, orain gure aurkako faktore asko daude, esaterako kontsumo ohituren aldaketa handia, online salmenta, etengabeko beherapena,… 2020 urtea bizi ditugun aldaketa horien testuinguruan kokatzen da.

Hedabide handiek denbora luzea zeramaten atzerapen ekonomikoaz hitz egiten, eta horrelako albisteek gu asko kaltetzen gaituzte, gastua murrizten dutelako. Horrela, 2020 urtea nahiko ezberdina izaten ari zen sektore desberdinetan.

– Zenbatekoak izan dira gutxi gorabehera koronabirusak eragindako galera ekonomikoak?

– Galera konponezina izango da, zeren eta gaur edango ez duzun kafea edo gaur egingo ez duzun ile-mozketa ezingo dugu berreskuratu, datorren hilabetean kontsumo hori egin arren, hilabete hau galdu delako. Arropa, zapata eta kirol-dendek hilabete txarrenetan harrapatu ditu, denboraldiaren hasieran daudelako, eta arropa dendak stockaz beterik daudelako.

Kalera irtetea posible izango denean, progresiboki egingo da… eta suposatzen dugu ekitaldi guztiak bertan behera utziak egongo direla, hala nola, ezkontzak, jaunartzeak eta bestelakoak. Horrelako ekitaldiak oso garrantzitsuak dira guretzat, eta eurengan dugu gogoa produktua erostean, beraz produktu hori saldu barik geratuko zaigu. Denda askok 100.000 euro baino gehiagoko stockak dituzte, eta horri irtenbidea ematea oso zaila da baldintza hauetan.

– Aurreikusten duzue gobernuek aurkezturiko dirulaguntzaren bat jasotzea?

– Tamalez laguntzak beti enpresa handietara doaz, eta gutxitan autonomoetara. Nik uste laguntza berez ez dugula jasoko, beste gauza bat da jardueraren baja tenporal bat edo langileentzako Erte bat izatea, biziraun ahal izateko, baina hori beti existitu da eta partxe txiki bat da. Oraingoz ez dugu inolako laguntzarik ikusi, ez udaletik, ez eusko jaurlaritzatik… Oso ezkorrak gara zentzu honetan.

– Zer adierazi nahiko zenieke Arrasateko herritarrei?

– Arrasateko herritarrei, soilik, esan nahi diegu inoiz baino indartsuago itzuliko garela, eta herria sortzeko gogotsuago, eta bere laguntza beti izan dugunez, eta jakin badakigunez hutsik egingo ez digula, eurei beti bezala eskerrak ematea dagokigu. ESKERRIK ASKO.

Otsailaren 14an esan genuen bezala, zuek gabe ez gara ezer, eta zuek barik gureak ez du zentzurik. GORA ARRASATE

Inma Ruiz (Kapikua emakumeentzako arropa denda)

– Salmentei dagokienean, nolakoa izaten ari zen 2020 urtea koronabirusa agertu arte?

– Aurtengo urtarrila, Erregeekin eta beherapenen sasoiarekin, iazkoa baino kaskarragoa izan da. Honezkero beherapenen hasierak ez dira lehengoak bezalakoak, eta aurtengo otsaila oso kaskarra izan da, ez dakit aratusteak Arrasaten hartzen ari diren indarraren ondorioz edota erosteko joeren ondorioz (komertzio zentroak, online erosketak). Horiei gehitu behar zaizkie data hauetan honezkero denboraldi berriko generoaren %80 dugula dendan.

– Zenbatekoak izan dira gutxi gorabehera koronabirusak eragindako galera ekonomikoak?

– Galdera honi erantzutea oso zaila da, gure kasuan pertsiana itxita izanda ere, gastu finkoen zenbatekoak nahiko garrantzitsuak dira (argia, ura, telefonoa, aholkularitza, aseguruak, konponketak eta maileguak). Izan ere, azken urteetan denda berritzean buru-belarri sartu gara, komertzioa modernizatzeko eta bezeroen beharretara egokitzeko. Gainera, kontuan hartu behar da martxoa eta apirila salmentetan hilabete garrantzitsuak izan ohi direla, izan ere, jendeak arropa erosten du ekitaldi garrantzitsuetarako, baina aurten ezkontza eta Jaunartze ugari bertan behera utzi dira.

Ezin da zehaztu zenbat suposatuko duten saldu ezin izan duguna, ordaindu behar dugun genero guztia eta gastu finkoak. Baina imagina dezakeguna baino askoz gehiago da, negozio txiki eta autonomoek gure gain hartu ezin duguna.

– Aurreikusten duzue gobernuek aurkezturiko dirulaguntzaren bat jasotzea?

– Gure aholkularitzak jo eta su dabiltza egun hauetan, eta eurek ere esaten digute gauzak oso airean daudela, egun batean gauza bat eta hurrengoan bestea. Autonomoen kuotak atzeratzearena etab. bola bat baino ez da izango, eta hilabete batzuk barru irensteko gogorragoa egingo zaigu. Bankuek deitzen digute ico maileguak eskaintzeko, eta badirudi gobernuak dirua eman diela gu areago zorpetu gaitezen.

Guk bizirauten dugu elkarlanean gabiltzan enpresen jarrera onari esker. Etxe komertzial hauek erraztasunak ematen ari zaizkigu guk ordaindu ahal izateko, eta batzuek momentuz kobratzeari utzi diote, hau guztiau berriro martxan jarri arte.

– Zer adierazi nahiko zenieke Arrasateko herritarrei?

– Txiki askok gauza handiak egiten dituztela, garai egokia da jendea tokiko ekonomiaren garrantziaz ohartzeko, establezimendu bakoitzaren atzean ikusten ez den ekonomia asko dagoela, hau da, komertzio txikien beharra duten enpresa txiki kate handi bat. Enpresa handiak beti egongo dira, eta herritarraren borondatea izan behar du bertako komertzioan erosteak.

Nire aitak beti esaten zigun, gero eta gutxiago izatean, ondo begiratu behar dela non erosi, diruak dirua sortu behar baitu, beti zirkularrean. Behintzat herritarrak dendetara sar daitezela, konpromiso barik, soilik azken urteetan galdu diren ohiturak berreskuratzeko. 

Arantza Aranzabal (Karrikiri-Resusta opari eta menaje denda):

– Salmentei dagokienean, nolakoa izaten ari zen 2020 urtea koronabirusa agertu arte?

– Aurtengo urtarrila eta otsaila 2019koak baino apur bat hobeak izan dira. Aurtengo martxoa, zailtasunak zailtasun, ez zihoan oso txarto, baina baliteke 2019ko martxoa baino okerragoa izatea.

– Zenbatekoak izan dira gutxi gorabehera koronabirusak eragindako galera ekonomikoak?

– Ni baloratzen oso txarra naiz… Egoera honen luzeraren araberakoak izango dira, baina kontuan hartuz diru-iturririk ez dugula lortzen printzipioz hilabete batean… hilabeteak apur bat zoro daudenez, auskalo… Aldi berean, gastu finkoak, fakturak, zergak,… ordaindu behar ditugu.

Denboraldiko produktu batzuk ditudan arren, nire produktu gehienak ez dira denboraldikoak, salduko ditugu, eta ildo honetan beste sektore batzuk baino egoera hobean gaude…

– Aurreikusten duzue gobernuek aurkezturiko dirulaguntzaren bat jasotzea?

– Espero dugu jardueraren geldiketa onartzea, eskaturiko ERTEa, eskatuko ditugu jarduera geratzeagatik ezohiko prestazioa eta Aldundiari PFGZaren lehen bi hiruhilabeteetako ordainketa-etendura zatikatua. Begiratuko dugu ea gehiago eskatu ahalko diren…

– Zer adierazi nahiko zenieke Arrasateko herritarrei?

– Esan nahi nieke inoiz baino gehiago behar ditugula oso gogorrak izango diren hilabete hauei aurre egin ahal izateko. Izan ere, ez dugu diru-sarrerarik jaso, eta aldi berean fakturak, soldatak, alokairuak, hipotekak eta zergak ordaintzen jarraitu dugu. Zerga hauetako asko ez dizkigute kenduko, ordainketak atzeratuko dizkigute baina ez barkatuko.

Hala ere, arrasatearrei esan nahi diegu aurrera jarraituko dugula, ilusioz itzuliko gara beraiengan konfiantza dugulako, eta jakin badakigu baloratzen eta estimatzen dutela Arrasateko txikizkariko komertzioa. Inoiz baino gehiago beharko ditugu, ez badugu nahi dendak ixtea guztiok apustu egin, lagundu eta kontsumitu beharko dugu komertzio txikian.

Grego Carrasco (Ume haur eta emakumeen arropa denda)

– Salmentei dagokienean, nolakoa izaten ari zen 2020 urtea koronabirusa agertu arte?

– Marka anitzeko denden salmentak jaisten ari dira orain direla denbora batetik interneten gorakadagatik, marka handiek euren dendak zabaltzeagatik, outletengatik, gizarteko lehentasunen aldaketengatik, etab. 2020 urtea ez zen salbuespen bat izaten ari.

– Zenbatekoak izan dira gutxi gorabehera koronabirusak eragindako galera ekonomikoak?

– Dendek derrigorrez ixteak suposatzen du diru-sarrerak nuluak izatea eta negozioaren gastuak denda zabalik izatean bezainbestekoak dira. Guk neurri ugarirekin lan egiten dugunez, 0 hilabeteko haurtxoaren neurritik emakumearen 44 neurrira arte, eta udako denboraldiaren hasieran itxi dugunez, denda arropaz beteta daukagu eta inbertsio maila altu batekin.

Koronabirusaren ondoriozko geldialdi honek suposatzen du saltzeko hilabete bat gutxiago daukagula, edo ez dakit zenbat denbora gutxiago, stockari irtenbidea eman ezinik. Gure bezeroen babesik gabe, galera oso larria izan daiteke eta kolpe oso gogorra gure familia negozioarentzat.

– Aurreikusten duzue gobernuek aurkezturiko dirulaguntzaren bat jasotzea?

– ERTE bat eskatu dugu gure langilearentzat eta jardueraren derrigorrezko gelditzea egoera gogor honetan jarraitzen dugun bitartean.

– Zer adierazi nahiko zenieke Arrasateko herritarrei?

– Ezohiko egoera honetan garrantzitsua da arrasatearrek gogoeta egitea, zure bizilagunek arreta egiten dizuten komertzio lokalen garrantziari buruzko gogoeta. Kalitatezko komertzioak, tratu pertsonalizatu eta hurbilekoak.

Era berean, animo ugari eman gura dizkiegu, eta esan nahi diegu berrindarturik itzuliko garela, lanean jarraitzeko oso gogotsu. Itzuleran euren laguntza beharko dugu bizi dugun egoera kritiko hau gainditzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen