Udalak Iturripe berria eraikitzeko beste urrats garrantzitsu bat eman du. Joan den astean, maiatzean Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Garaia Parke Teknologikoak adostutako hitzarmena notariotzan sinatu zuten, eta, ondorioz, Iturripeko lursaila udalaren jabetzara igaro da. Jabetza-aldaketa Jabego Erregistroan ere inskribatu dute.
Lursailaren jabetza eskuratzea ezinbesteko baldintza zen eremuan aurreikusitako proiektua gauzatzeko. Udalak jakinarazi duenez, bihar egingo den Osoko Bilkuran kiroldegi berria eraikitzeko lanak esleituko dituzte, eta obrak urte amaierarako hastea aurreikusten dute.
Maiatzean adostutako hitzarmenak hiru erakunderen arteko partzelen trukea jasotzen du. Hala, Gizabidea Fundazioarena zen Iturripeko partzela Udalaren esku geratu da, eta, trukean, Udalak Garaia Parke Teknologikoko ESLD1 finka eman du. Operazioa ahalbidetzeko, Garaia Parke Teknologikoak finka horren gaineko administrazio-emakidari uko egin dio, eta haren alde azalera-eskubide bat eratu da, bere jarduerari jarraipena emateko.
Proiektuaren helburua egungo eremua eraldatzea da, kirol-azpiegitura moderno eta egokiak garatuz eta udalerriko kirol-eskaintza modernizatuz. Horrez gain, hiri-parke berri bat eraikiko dute, eta ibai-ertza birnaturalizatu, herritarrek ibaiarekin harreman zuzenagoa izan dezaten.
Arrasateko Udalak eskerrak eman dizkie Gizabidea Fundazioari eta Garaia Parke Teknologikoari prozesuan erakutsitako lankidetzagatik eta adostasunerako borondateagatik. Hiru erakundeen arteko elkarlanari esker, etorkizuneko proiektuak uztartu eta herri-intereseko ekimenari bidea ireki diotela nabarmendu du.





