Iturripe berritzeko obrak “2025ean hasiko dira”, eta Musakola kiroldegia berritzeko idazketa “legealdi honetan” egingo da

0
694

Udal Gobernua ‘2023-2027 Gobernu Plana’ herritarrei aurkezten hasi da. Kirolei dagokienez, instalazioei ez ezik, Udalak Kirol Herria proiektuari berebiziko garrantzia ematen dio.

EH Bildu eta Elkarrekin Arrasateren gobernuak iragarri du legealdi honetan Kirol Herria proiektua abiatuko duela.

Egitasmo honek “osasuna, mugikortasuna eta kirol-guneen arteko loturak, aisialdia, hezkuntza, lurraldea, kirola ulerkera tradizionalean uztartu nahi ditu”.

Horretarako, “Arrasateko itzulia edota Musakola-Barrenazar-Epele-Zaraazar-Meatzerreka-Monterron ibilbidea sustatuko ditu”, besteak beste.

Iturripeko kirolgunea berritzeko, “Iturripeko lursaila udal-jabetzakoa ez denez, kiroldegi berria eraiki ahal izateko hirigintza planeamenduan aldatzeke dago. Horrez gain, proiektua idatzi beharra dago”.

Horregatik, “lursaila kudeatu, hirigintza planeamendua egokitu, eta gunea berritzeko proiektua idatziko da. Bertatik abiatuko du Udalak azpiegiturak berritzeko bidea”.

Udal Gobernuak aurreikusten du Iturripe berritzeko, “dena ondo bidean, obrak 2025ean hasiko direla, eta helburua izango da 2027an obrak bukatzea”.

Musakola kiroldegiko instalazioei dagokienez, “denok gara jakitun zenbat urte dauzkaten” eta “eraikinak aluminosis gaixotasuna duela”. Ondorioz eraikina “eraitsi beharko da” hain zuzen “eraikin berri bat egiteko”.

Horretarako, “Udalak legealdi honetan” instalazioen “azterketa eta proiektua idatziko du”. “Horretarako Iturripe guneko lanak bideratu behar dira”.

Gainera, Antoña eta Mojategiren “azterketa egingo da, hauen hobekuntza eta mantenua eginez, eta proiektu berrian txertatuko dira”.

Mantenu hauek “legegintzaldi osoan egingo dira, bai Musakolako Kiroldegian, hau erabilgarri egoteko, baina baita inguruko kirol azpiegituretan, Mojategin eta Antoñako frontoian, adibidez”.

Udalak ere iragarri du “aurtengo udan Mojategiko argiteria aldatuko dela, LED argiteria jarriko dugu”. Atletismo pistari dagokionez “bere osotasunean berriztuko da”.

Atxabalperi dagokionez, gaur egun “alokatuta badago ere, etorkizunean herritarren eta herriko taldeen erabilerarako berreskuratu gura du espazioa Udalak. Beharren azterketa eta lanketa bideratuko du etorkizuneko erabilera irudikatzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen