“Iturbideko senide batek positibo eman du, baina egoiliarrek ez dute sintomarik”

0
976

Egoiliarrari PCRa egin zaio eta negatibo eman du. Hala ere, badaezpada, 1. solairuko bisitak eta irteerak etenda daude. “Neurri hauek ez dizkie eragiten beste solairuetako egoiliarrei” azaldu du Iturbide egoitzak. Era berean, dei egiten die “batez ere egoitzako senideei, tentu handiz joka dezaten”.

Egoiliarrak negatibo eman du PCR testean, baina badaezpada ostegunetik lehen solairuko bisitak eta irteerak eten dira. Solairu honetako 25 egoiliarrek euren senideekin harremana daukate bideokonferentzia bitartez.

Iturbideko egoiliar baten senide batek positibo eman zuen, eta egoiliarrari PCR testa egin diote, familiakoaren “harreman estua” izan zuelako.

Egoiliar honek negatibo eman du PCR testean, eta koronabirusaren sintomarik ez duen arren, badaezpada test berri bat egingo diote asteazkenean.

Egoiliar hau egoitzako lehen solairukoa da, eta kutsaketarik egon ez dadin, solariu bereko beste 24 egoiliarrekiko isolatu dute. Egoiliar horiek guztiek ere ez dute koronabirus sintomarik.

Hala ere, egoitzak badaezpada ostegunean bertan behera utzi behar izan zituen bai solairuko familiakoen bisita guztiak, bai kalera paseoak.

Aurrera begira, “printzipioz astebete egongo dira bertan behera – iragarri du egoitzako koordinatzaileak, Olatz Etxabek -. Asteazkeneako PCRak negatibo ematen badu, ostegunean berrekingo zaie bisitei eta irteerei”.

Erabaki hauek soilik lehen solairuari dagozkio, beste solairuei ez. Zentzu horretan “egoitza sektorizatuta daukagu, hau da, solairu ezberdinen artean ez dago harremanik, ez langileen ez egoiliarren artean”. “Ondorioz beste solairukoetako egoiliarrak kalera irten daitezke eta bisitak jaso ditzakete”.

“Zorionez lehen solairu horrek terraza handi bat dauka, eta bertan haizea eta eguzkia hartzeko aukera daukate, baita bertan paseatzeko ere”.

Iturbide egoitzak dei egin du, “batez ere egoitzako senideei tentu handiz joka dezatela, bestela senide baten positiboak pertsona askorengan eragina izan dezake, oraingo egoerak erakusten duen bezala. Beraz, neurriak hartzera dei egiten diegu, guztiok bezala. Ezin dugu lehen gertaturikoa errepikatzen utzi”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen