Iturbideko “egoiliarren ongizatea” eta lan-baldintzak hobetzeko eskatu da

0
632

Langileen ordezkariek salatu dute Gipuzkoako egoitzetan langileek “15 minutu soilik ditugula pertsona bakoitza altxatu, garbitu, jantzi eta pixoihalak aldatzeko”. Baita Markel Olano ahaldun nagusia “gezurretan” ari dela ere.

Argazkiak: ELA sindikatua

Gipuzkoako egoitzetan, besteak beste, Arrasateko Iturbide egoitzan, langile ugarik 218 egun daramatzate greban.

“Kontuan hartu behar da sektore honetan gutxieneko zerbitzuak %90koak direla, hau da, 10 langileetatik 1ek bakarrik egin dezakeela greba. Beraz, langile ugarik ez dute greba egiteko eskubidea”.

Gaur eguerdian prentsaurrekoa egin dute Iturbide egoitza parean, eta “nazkatuta gaudela” adierazi dute:

“Guk, erresidentzietako langileen lan baldintzen eta egoiliarren ongizatearen alde greba gauden langileok esan nahi dugu Olano gezurretan ari dela”.

Izan ere, ukatu dute ahaldun nagusiak “Aldundiak berdintasun politiken arldeko apustua egiten duela, ekonomia zaintza eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ardatz izanik”.

Langileek prekarietatearen aurka borrokan dabiltza, eta “bitartean Markel Olanok %8 igo du bere soldata, eta adierazi berri du gure eskaerak onartzea sistema hankaz gora jartzea suposatzen duela. Nola uler liteke hau?”.

Egoera honen aurrean, langileek Arrasaten eta Debagoienean kanpaina informatibo berri bat abaiatuko dute. Iturbide egoitzako eta oro har Gipuzkoako egoitzetako “errealitatea ondokoa da:

  • Plantillaren herena baino gehiago ez da 1.000 eurora iristen.
  • 15 minutu soilik ditugu pertsona bakoitza altxatu, garbitu, jantzi eta pixoihalak aldatzeko.
  • Egoitza askotan 2 erizain baino ez daude 140 pertsona atenditzeko.
  • Maskulinizatutako sektoreekin alderatuta, 6.000 € gutxiago kobratzen dute emakumeek.
  • Eguneko 90 minutuko atentzioa dute aitona-amonek.

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, enpresa hauek “gero eta etekin handiagoak dituzte baina gu gero eta prekarioagoak garen bitartean”. “Borroka hau denon zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko ere bada”.

Martxoaren 8a gero eta hurbilago daude, eta “instituzioak kanpaina egiten hasiko dira, propaganda, marketing feminista, argazki ofizialak,…”. “Benetako politika feministak egin nahi badituzte, aukera eduki badaukate, baina ez dute nahi”.

“Aldundiaren erantzukizuna da, sektorea %90ean finantzatzen baitu“. “Kalean jarraituko dugu gure lan eta bizi baldintzen benetako hobekuntza lortu arte”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen