Egoitzako 2. solairuko 2 langilek positibo eman dute, eta ondorioz egoiliarrak ezin dira solairu horretatik atera, “gutxienez urtarrilaren 9ra arte”, bertako egoiliar baten senideak jakinarazi digun bezala. “Hilabete eskas batean 18 egun egongo dira konfinaturik”.
Iturbide egoitzako senide batek bere kezka adierazteko Mondraberrirekin harremanetan jarri da. Egun zailak dira herritar gehienentzat, baita pertsona honentzat ere.
“Abenduaren 31ko 20:13ean Iturbideko bigarren solairuko egoiliarren senideok email bana jaso genuen Iturbide egoitzatik. Emailean komunikatu ziguten Bigarren Solairuko langile batek emaitza positiboa emana zuela, eta ondorioz solairuko egoiliar guztiak isolatze-konfinamenduan jarri zituztela. Komunikatu ziguten ere aipatutako egoiliarrak euren solairuan itxita egongo direla, eta bakartze-konfinamenduak gutxienez 7 egun iraungo duela”.
“2022ko urtarrilaren 2ko 07:58an, Bigarren Solairuko egoiliarren senideei beste email bat bidali ziguten, eta komunikatu ziguten atzo [urtarrilaren 1ean] Bigarren Solairuko beste langile batek positibo emana zuela, baina aipatutako solairuko egoiliarrak jada isolatuta zeudenez, abenduaren 31n beste langileak positibo emana zuelako, neurriek euren horretan jarraituko zutela”.
Bigarren email horretan ere Iturbideko Zuzendaritzak senideei azaldu zien “Epidemiologiak emandako jarraibideak betez, gaur [urtarrilaren 2an] PCR bana egingo dietela, eta urtarrilaren 6an beste bana”.
“Bigarren PCRaren emaitzak jaso ondoren, eta emaitza guztiak negatiboak badira, soilik kasu horretan, isolatze-konfinamendua kenduko dela”. Senideak azaltzen du, Iturbideren emailean oinarrituta, “balitekeela bigarren PCRaren emaitzak urtarrilaren 7rako ez ezagutzea, laborategia atzerapen asko izaten ari delako, eta 48-72 ordu behar baititu emaitzak jakitera emateko. Horrek esan gura du konfinatuta egongo direla urtarrilaren 1etik gutxienez urtarrilaren 9ra arte, hau da, 9 egun”.
Senideak gogoratu du “abenduan ere 11 egun konfinatuta egon zirela euren solairuan, nahiz eta euren solairuan kutsatu positiborik ez zen izan. Egoitzako beste solairuetan, ordea, positiboak izan ziren eta egoiliar guztiak ‘kontaktu estu’tzat hartu zituzten eta konfinatuta egon ziren bigarren solairutik irten barik, abenduaren 7tik abenduaren 18ra”.
“Hau da, hilabete eskas batean, 18 egun konfinatuta egongo dira euren solairuan, dena ondo bidean eta positibo gehiagorik ez bada”.
“Konfinatze hauetan ‘kontaktu estu’tzat dituzten egoiliarrei ez zaie euren solairutik irteten uzten, ez dira ere egoitza kanpoko patiora ateratzen aire eta eguzki apur bat hartu ahal izateko. Eurekin bideo-konferentzia bidez soilik harremanetan jar daiteke, eta bideo-konferentzia egoitzak berak egiten dio senideari”.
“Ordea, beste herritar guztientzat (adineko pertsonak barne) kontaktu estuko neurriak bestelakoak dira, izan ere, positibo baten kontaktu zuzena izan arren, txertaketa pauta osatua badute, edo azken 90-180 egunetan COVIDagatik kutsatze aktiboa izan badute, ez dute koarentenarik egin behar, prebentzio neurriekin kalera irtetea baimenduta daukate eta bizitza normal bat aurrera eraman dezakete”.
“Nire iritziz, eta betiere PCRaren emaitzak negatiboak badira, eta sintomarik ez badute, beste herritarrek bezala, egoiliarrek ez lukete koarentena egin beharko”.
“Solairuko konfinamenduari alternatibak bila dakizkioke, egoiliarrak kanpora irten ahal daitezen eta euren senideekin kontaktua galdu ez dezaten. Areago, kontuan hartuta egoiliar askok itxialdiaren eta familiaren faltaren arrazoiak ulertzeko zailtasunak dituztela”.