Iturbideko 13 positiboak “asintomatikoak dira edo sintoma oso arinak dituzte”

0
708

Arrasateko egoitzak baieztatu du “ez dugula inor ospitalizatu behar izan”. Covid gune bat antolatua du, bertan “positiboak isolatu behar direlako”. “Sintomak aurreko olatuetakoa baino askoz arinagoak dira” eta ondorioz “oso argi ikusten ari gara txertoek funtzionatzen dutela”. “Egoiliarrak ondo, normal daude”.

Argazkia: MB artxiboa.

Iturbide egoitzak adierazi du kontuan hartzekoa dela egoitzaren gehienezko plaza kopurua “berriz bete dela eta jende gehiegi dabilela bertan”.

“Guztira 98 egoiliarrekin lanean gabiltza” azaldu digu bertako zuzendari Olatz Etxabek, urtebete baino gehiago Iturbidek positibo barik izan ostean.

Tamalez, Aldundiak atzo jakitera eman zuen ostiraletik atzo arte 12 positibo atzeman zituela Arrasateko egoitzan.

“Atzo egindako PCRetan beste positibo bat atzeman genuen” eta beraz egun denera 13 positibo aktibo daude bertan.

“Positibo emandako egoiliar gehienak asintomatikoak dira eta gutxi batzuek sintoma oso arinak dituzte. Konturatu ginen batzuek sukar apurtxo bat zutelako edo estula pixka bat egiten zutelako”.

“Horrelako egoeretan antigenoak egiten ditugu, eta bi egoiliarrek positibo eman zuten. Ondoren egoitzako solairu horretako guztiei proba egin genien”.

“Proba horietatik bospasei positibo gehiago atzeman genituen baina horiek guztiak asintomatikoak ziren. Positibo emandako egoiliar denak ondo, normal daude”.

Beraz, “egungo sintomek aurreko olatuetako sintomak baino askoz arinagoak dira, eta ez dugu inor ospitalizatu behar izan”.

Pandemiaren aurrean “Covid gune bat prestatu genuen egoitzan, eta pandemiak behera egin zuenean, gunea bertan behera utzi genuen, baita positibo gutxi batzuk izango balira positiboak erreferentziazko ospitaleetara eramango zituztelako ere”.

Erietxea horiek Eibarko Ospitalea, “bertako gune batek suposatzen zen egoitzetako egoiliarrak hartuko zituela”, eta Arrasateko San Juan de Dios dira.

“Bi gune horiek beteta egongo direla suposatzen da, izan ere, aurreikusten zen egoitza batean positiboak izanez gero, positibo horiek erietxe horietara eramango lituzketela, egoitza ‘garbi’ uzteko. Baina Iturbideko egoiliarrik ez dute hara eraman, momentuz behintzat”.

“Ea bihar argitzen diguten Iturbideko positiboak erietxe horietara eramango dituzten. Bien bitartean egoitzan Covid gune bat antolatu behar izan dugu, berariazko langileekin, eta izugarrizko antolaketa izan da”. Iturbideko bisitak eta irteerak bertan behera utzi dira momentuz.

Langileei dagokienez, “txertatuta dauden langileei astean bi PCR egiten zaizkie, eta txertatuta ez daudenei astero. Orain arteko azkena abenduaren 1ean egin genuen, eta emaitza guztiak negatibo izan ziren”.

Iturbide egoitzak azpimarratu du egoiliarrak “ondo daudela, eta egungo egoera aurreko olatukoa baino askoz hobea dela, baina birusa orain kutsakorragoa da eta positibo emandako egoiliarrak isolatu behar ditugu”.

“Lasaitasun mezu bat transmititu nahi diegu familiei eta jendeari, oso argi ikusten ari gara txertoek funtzionatzen dutela”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen