Iturbide Egoitzan lanean ari garen zenbait langile gara, batzuk lan harremana Kabiarekin dugunok eta beste batzuk Aita Menirekin, eta ELA sindikatuak aurkeztutako salaketarekin bat ez gatozela adierazi nahi dugu, ez gatozelako bat bertan adierazten dutenarekin. Egoera hau berria izan da guztiontzat, bat-batean iritsi da, ustekabean harrapatu gaitu, gainerako erakunde, ospitale eta abarren kasuan bezala. Aurreikuspenik gabe. Baina guztiok egon gara prest ahal den guztia egiteko eta egoera konpontzen laguntzeko.
Egia da, lehenengo egunetan materiala urria zela eta ez zela behin bakarrik erabiltzekoa, baina egunek aurrera egin ahala, erabili ditugun baliabideak nabarmen handitu dira. Halaber, egia da jaso dugun informazioa aldatzen joan dela jarduera-protokolo berriak argitaratu ahala, baina nahikoa profesionalak gara ohiko errutinatik kanpo lan egiten jakiteko eta egoeraren arabera inprobisatzeko. Oporrak direla eta, inork ez digu debekatu eskatuta edo aurreikusita genituenak hartzea. Argi dago, kasu bakanen batean izan ezik, inori ez zitzaigula interesatzen oporrak eta baimenak hartzea, ezin baita etxetik atera. Gainera, ondo dakigu denok non lan egiten dugun, eta, etika eta profesionaltasunagatik ere, ez genukeen baimenik edo opor-egunik erabiliko egoera honetan. Hori guztia iritsiko da. Gaixotasun-bajei dagokienez, argi dago zenbait baja ez direla bete, baina egia da, baita ere, zoritxarrez, egoeraren eraginez egoiliarren kopuruak behera egin duela, eta horrekin batera, egoera normalean eskaintzen ziren arreta eta zerbitzuak. Logikoa da, beraz gaixotasun-baja gutxiago ordezkatzea. Atzera begiratzeko eta nola hobetu daitekeen ikusteko ordua ere iritsiko da, zertan huts egin den eta zein egokitzapen behar den aztertzeko, baina orain ez da unea. Eta, batez ere, argi utzi nahi dugu une honetan Iturbide Egoitzaren erabiltzaileek zein langileek nahikoa material daukagula egoerari aurre egiteko; eta are garrantzitsuagoa dena, gehienok badakigula une honetan beharrezkoak garela eta prest egon behar dugula.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Iturbide Egoitzako erabiltzaile eta senide guztiei beren laguntzagatik. Indartsuago aterako gara egoera honetatik; asko ikasi dugu zentzu guztietan.
Arrasate, 2020ko apirilaren 20a