Iturbide egoitzako egoera benetan larria da. 21 aiton amona hil dira dagoeneko coronavirusarengatik eta egoiliarren erdiak kutsatuta jarraitzen du. Langileei dagokionez, 19 egon dira kutsatuta eta erdiak bajan.
Testua: ELA.
Iturbide egoitzako egoera benetan larria da. 21 aiton amona hil dira dagoeneko coronavirusarengatik eta egoiliarren erdiak kutsatuta jarraitzen du. Langileei dagokionez, 19 egon dira kutsatuta eta erdiak bajan. Datu hotz hauen atzetik izen abizenak daude, familiarren sufrimendua eta dolua, eta baita langileok egoera honetan jasaten ari garen presio, antsietate eta beldurrak.
Inork baino argiago daukagu profesionalak garela, horren adierazgarri da pandemia lehertu aurretik egin dugun borroka. Arazoa ez da oporretan lanera joatea ala ez; arazoa estrukturala da. Gure aldarrikapenekin gizartearen erdigunean kokatu nahi izan dugu egiten dugun lana, zaintzaren kalitatea, gure aiton amonen bizitzak erdigunean jarriz. Baina profesionaltasunak ez dakar berarekin zortzi egun jarraian lanera joatea, edo murrizketa daukaten langileek dena alde batera uztea lanera joateko edo gure familien osasuna arriskuan jartzea edo urte osoan sufritzen dugun prekarietatea sufritzea. Are gehiago, profesionalak garelako exijitu behar ditugu lan baldintza duinak. Eta ez; dena ez da libre.
Hilabete baino gehiago da sindikatuak bai enpresetan eta baita Aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan ere, erresidentzietarako babes-neurri egokiak eta langile eta egoiliar guztiei testak egiteko eskatu zuela. Erantzun positiborik jaso ez zuenez, egoera larria den erresidentzietan demandak sartu ditu ELAk, babes neurri eta testak egiteko eskatzen oraindik egin ez duten lekuetan. Honekin batera Foru Aldundiak eta Servicios Sociales Aita Menni azpikontratatutako enpresari, ezarritako gida eta protokoloak osotasunean betetzeko eskatzen da. Badakigu Iturbiden frogak egin direla, baina ez da nahikoa. Kontingentzia planak, langileoi formakuntza egokia ematea, jarraikortasun plan zehatz bat egitea gure bajak kudeatzeko, eta batez ere, instituzioei eta Osakidetzari premiazko laguntza ematea eskatu dugu, besteak beste.
Iturbiden materiala berandu iritsi da. Alarma egoera hasi eta asteak pasa ditugu norbere burua babesteko ekipamendu nahikorik gabe, sintomak zituzten langileei 10 egunetara egin zaizkie testak eta sintoma gabekoak berdin-berdin lanera joan behar izan dugu jakin gabe kutsatuta geunden ala ez; egoiliar desberdinekin tratatuz.
Esperientziaz dakigu negoziazio kolektiboan hobekuntzak badaude langileen aldetik presioa egon delako izaten dela, eta zoritxarrez pandemia hasi zenetik, frogatu dugu lan osasunaren arloan ere horrela ari dela izaten. Beraz, ELA sindikatuak erresidentzietako egoera hobetzeko bere esku dagoen guztia egingo du. Orain da momentua.
Uste dugu gure sindikatuaren betebeharra dela. Asko dago jokoan eta langile, aiton-amona eta euren familiei zor diegu. Zuzendaritzak eta Diputazioaren jardunak zuritzeak egoera larriagotu eta langileen prekarietatea areagotu besterik ez du egingo.