Ekainaren 9an Europako hauteskundeak direla eta Sumarren ekitaldia izan zen atzo Arrasaten. Andeka Larrea Europako Parlamenturako Euskadiko Sumarreko hautagaiak programako bi gai azpimarratu ditu: Euskara eta Palestinaren aitortza.
Euskara Europako Parlamentura
Larreak Bruselara euskararen ofizialtasuna Europako ondare propio gisa eramatea proposatu du, Europar Batasunaren leloa aniztasunean oinarrituta dagoela azpimarratuz. “Europako Parlamentuan oraindik gainditu gabeko ikasgaia da” aitortu du. “Oraindik ez da hizkuntza ofizialtzat hartzen, eta gure konpromisoa da hala izan dadin lan egitea, kongresuan egin genuen bezala. Euskal kultura, euskara eta euskal nortasuna garrantzitsuak dira eta lekua behar dute Europan. Gure ondare kulturala babestu nahi dugu, eta, hasieratik eskatu dugu Sumarretik euskara izatea hizkuntza ofiziala Europako parlamentuan”
“Bakea bultzatzeko Europa ezin da konplize izan”
Sumarrek Europara eramango duen beste gai bat Palestinaren aurkako sarraskiaren aurkakoa da. Espainiako gobernuak aitorpen horretan emandako pausoei dagokienez, Larreak beharrezkotzat jo ditu, baina ez ditu nahikotzat jo, eta aurreratu du. Alderdiak presioa egiten jarraituko duela bakea lortzeko bidean jarraitzeko adierazi du. “Bakea bultzatzeko Europa ezin da konplize izan, Gazan gertatzen ari dena genozidio bat da, eta, gu giza eskubideen defentsan egongo gara beti”.
Bakea bultzatzeko Sumarrek hartuko duen lehen neurria “Israelgo enbaxadoreari kontsultetara deitzea da, herrialde horrekiko harreman diplomatikoak etetea. Ezin dugu harreman diplomatikorik izan estatu genozida batekin, eta premiazkoa da harreman diplomatiko horiek berehala etetea”, adierazi du.
“Ezin da beste armarik bidali Israel den estatu kriminal eta genozida honetara. Sumarren, ahal dugun guztia egingo dugu gobernuan eta gobernutik kanpo, armak berehala enbargatzeko”.




