ISEAk La Merced-eko etxekidetzako lorategien bertsio berria aurkeztu du

0
2451

ISEAk La Merced-eko etxekidetzako lorategien bertsio berria aurkeztu du bertako berdegune edo soropilaren azalera handituz. Lorategien proposamena lantzeko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasle eta ikasleen proposamenak, ISEAren eta Materia Estudio enpresaren ideiak uztartu dira. Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoak “Kalelagun” proiektuaren emaitza ekarri dio proiektuari. Kalelagun proiektuaren helburua kanpoko espazio publikoak eraldatzea da, bakardadeak arintzeko eta adinekoen ongizatea eta autonomia areagotzeko. Aipatu proiektu hori ADINBERRI Fundazioak diruz lagundu du “Hariak-Gipuzkoan bakardadeari aurre egiteko estrategia” deritzonaren testuinguruan.

HARIAKek pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, zahartze osasungarria eta pertsonen eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea bilatzen du, guztia bakardadeak arintzeko eta autonomia handitzeko. Oro har, ikastetxeko hegoaldeko patioko lorategiek kontuan hartuko lituzkete orri erorkorreko baso txiki bat, ikuskizun txikietarako eszenategi-harmaila bat, kaperaren hormak inguratuko lituzkeen “horma berde” bat eta umeentzako jolas-eremu bat; guztia Foru Aldundiarentzat interesgarriak izan daitezkeen zuzkidura- apartamentuetako banakako lorategi txikiekin lerrokatuta.

Lorategien bertsio berri honetan, kontuan hartu izan da Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak La Merced-eko lehen bi pisuak hartuko lituzkeela, bertan gazteentzat eta adinekoentzat apartamentu eta zerbitzuak garatuz. Hala, adineko pertsonek 13 apartamentu izango lituzkete, bakoitzak patio-lorategirako sarbide zuzen izango lukeelarik.

Hipotesi horretan, Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak egungo eleizaren zati bat erabiliko luke bere zaintza menpeko giza taldeen beharrizanetarako, hala nola: sukaldea, jantokia, erizaintza, sozializazio-eremuak eta zerbitzu orokorrak.

Erabilpen horietaz gain beste zerbitzu batzuk emango lirateke gaur egungo elizan. Zerbitzuok bai etxekidetzako (cohousing) egoiliarrei, bai Arrasateko herritarrei oro har zuzenduko lirateke eta, bereziki, hurbileko zerbitzuak proposatzen dira Altamira, Santa Marina eta Aldaiko herritarrentzat. Hala nola: belaunaldien arteko jarduera-aretoa, aisialdirako, entretenimendurako eta haurrentzako jolaserako barne-espazioak, pantaila erraldoi baten bidez kirol-kanalak eta filmak modu kolektiboan ikusteko harmaila bat eta taberna-kafetegi bat.

Lorategien bertsio berriak berdegune edo soropilaren azalera handiagoa aurreikusten du, lorategia ia ikastetxeko hegoaldeko patio gehienera zabalduz. Horren birtute nagusia hau izango litzateke: belarrak lorategiaren hozberoa beheratu egingo luke udan; izan ere
belarrak ez baitu egunean zehar porlanak edo asfaltoak adina bero metatzen. Horren ondorioz, Foru Aldundiaren zaintzapeko adinekoen apartamentuek tenperatura epelagoak izango lituzkete udan.

La Merced-eko belaunaldien arteko etxekidetzaren proiektua ADINBERRI Fundazioak bultzatutako “Hariak-Gipuzkoan bakardadeari aurre egiteko estrategia” deritzonarekin lotuta dago. Era berean, Diputatu Nagusiaren Sailak eta ADINBERRI Fundazioak Etorkizuna Eraikiz Planaren testuinguruan bultzatutako “Gipuzkoa Belaunaldi artekoa” ekimenaren atal bat da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen