ISEAk ‘Aurtenbai’ esplorazio-proiektua amaitu du, Arrasateko Alde Zaharreko komunitateak eta belaunaldien arteko espazioak dinamizatu eta biziberritzeko helburuarekin. Proiektua Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin eta ID-Arte Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskola Publikoarekin elkarlanean garatu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-Gipuzkoa Taldean 2025 deialdiaren dirulaguntza jaso du.
Guztira, 72 lagunek hartu dute parte ekimenean, tartean ISEAko, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko eta ID-Arteko kideek, baita diseinuaren arloko ikasle eta irakasleek ere. Proiektuaren abiapuntua Arrasateko Alde Zaharraren egoera aztertzea eta gaur egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko aukerak lantzea izan da.
Proiektuaren dokumentuak jasotzen duenez, Alde Zaharra Arrasateren ondarearen, nortasunaren eta memoria sozialaren funtsezko parte da. Aldi berean, hainbat erronka ditu aurrean, hala nola biztanleriaren zahartzea, eraikinen kontserbazio-egoera, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, nortasun kulturalaren eta kohesio sozialaren galera, belaunaldi-errelebo falta eta azpiegiturak egungo bizimodura egokitzeko beharra.
Merkataritza-jardueraren beherakadak ere eragina du Alde Zaharrean. Proiektuak azaldu du merkataritza txikiaren galerak, azalera handien eta merkataritza elektronikoaren lehiak eta establezimenduen titularren erretiroek lokal hutsen kopurua handitzen lagundu dutela. Testuinguru horretan, erabilerarik gabe geratu diren merkataritza-espazioei beste erabilera batzuk emateko aukerak aztertu dituzte.
Horretarako, Arrasateko Alde Zaharreko zazpi lokal hautatu dituzte, eta ID-Arteko 30 ikaslek, ISEAren eta BIBAI eta ANBOTO higiezinen agentzien lankidetzarekin, 72 proiektu garatu dituzte. Aztertutako lokalen artean daude Erdikokale 54ko estetika-establezimendu zaharra, Erdikokale 33ko Luko moda-denda, Iturriotz kaleko 2ko Maza establezimendua eta Erdikokale 21eko ‘El Arca de Noe’ lokala, besteak beste.
Proposamenen artean, merkataritza-lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko hainbat aukera jaso dituzte. Dokumentuak adierazten duenez, beste hainbat hiritan dagoeneko garatu dira horrelako ekimenak, eta Arrasateko Udalak 2027an lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko bere araudia garatzea aurreikusten du.
Proiektuaren adibideetako bat Erdikokale 33ko Luko lokalaren inguruan garatu dute. ID-Arteko ikasleek 12 proposamen egin dituzte, besteak beste, bi etxebizitza sortzea, ikasteko gunea duen etxebizitza partekatua, ikasleentzako etxebizitzak, sorkuntza-ekoizpenerako espazioa eta etxebizitza uztartzea edo sukaldaritza-tailer bat ezartzea planteatuz.
‘Etxetik Erdigunera’ taldearen proposamenak, esaterako, bi etxebizitza sortzea planteatzen du. Horietako bat irisgarritasunari begira diseinatu dute, mugikortasun urriko pertsonen autonomia eta erosotasuna bermatzeko. Bi etxebizitzek gune komun bat izango lukete, egongela txiki batekin eta baratzearekin, bizilagunen arteko harremanak sustatzeko eta komunitate-sena indartzeko.








