Irune Yarzari betidanik gustatu zaizkio zientzia eta teknologiako irakasgaiak, eta egun Sistema txertatu fidagarrien arloan egiten du lan. Ikerketari dagokionez, Ikerlan buru den UP2DATE proiektu europarrean parte hartzen ari da gaur egun. Honetaz eta beste askori buruz gehiago ezagutzeko, zenbait galdera luzatu dizkiogu Mondraberritik.
Zertan datza zure lana Ikerlanen barruan?
Sistema txertatu fidagarrien arloan egiten dut lan. Sistema txertatuak produktuetan integratutako gailu elektronikoak dira. Gure egunerokotasunean inguratzen gaituzten hainbat produktutan topa ditzakegu; garraio sistematan (igogailuak, trenak edo autoak), etxetresna elektrikoetan (garbigailua edo ontzi-garbigailua), etab. Hauen betebeharra esandako produktuen funtzio bat edo gehiago kontrolatzean datza. Segurtasuna, eskuragarritasuna, fidagarritasuna eta mantentzeko gaitasuna bermatzen duten sistemak dira hain zuzen ere sistema txertatu fidagarriak.
Zerk erakarri zintuen ingeniaritzaren mundutik?
Betidanik gustatu zaizkit zientzia eta teknologiako irakasgaiak. Gogoratzen dut ikastolan robot bat programatzeko aukera izan nuen lehenengo aldia. Robotak oztopoak detektatzeko zenbait sentsore integratzen zituen eta programazio hizkuntza oso sinple baten bitartez, robotaren mugimendua kontrolatzen genuen oztopo hauek ekiditeko. Garai hartan, sinestezina zitzaidan makina batek bere kabuz erabakiak hartzea nik aurrez definitutako arauen arabera.
Zein proiektutan ari zara lanean aurten?
Urtea hasi berria da eta proiektu asko oraindik abiarazten dabiltza, baina proiektu ezberdinetan hartzen dut parte. Ikerketari dagokionez, Ikerlan buru den UP2DATE proiektu europarrean dihardut. Bestalde, garraio-sektoreko enpresa ezberdinekin ditugun zenbait proiektutan hartzen dut parte, adibidez Orona.
Zer ekarpen egiten dio Ikerlanek zure hazkundeari eta prestakuntzari?
Ikerlanen zabaldu zidaten ikerketa mundurako lehenengo atea, duela ia bost urte tesia egiteko aukera eman zidatenean. Ordutik aurrera, bai nazioarteko zein mundu mailako ikerketa zentro, unibertsitate eta enpresekin lan egiteko aukera izan dut Ikerlanen. Ikerketa munduan murgilduta, Ikerlanen lan egiteaz gehien gustatzen zaidan gauzetariko bat da egunero zerbait berria ikasten dudala sentitzea.
Zure ustez garrantzitsuak al dira horrelako ekimen gehiago?
Bai, uste dut garrantzitsuak direla horrelako ekimenak neska gazteak zientzia eta teknologian aritzera anima daitezen. Ikusgarritasuna ematea zientzia eta teknologia alorretan lanean gabiltzan emakumeei, baita gertutasuna erakustea ere, neska gazteek ikus dezaten emakume zientzialariak gure artean badirela.
Uste duzu nahikoa emakume dagoela lan egiten duzun sektorean? Nola susta liteke emakumeek lanbide horiek ikastea?
Nahiz eta gero eta emakume gehiago ikus daitezkeen sektore honetan, oraindik gutxi gara. Unibertsitatean Elektronika graduan hasi nintzenean emakume bakarra nintzen nire kurtsoan eta masterrean lau emakume ginen hogeita bost klasekide artean. Egoera hau lan-ingurunean ere islatzen da, Ikerlanen ikerlarien %25 gara emakumeak.
Uste dut estereotipoak eta ezjakintasuna direla emakumeek sektore hauen alde ez egiteko arrazoi nagusiak. Zientzia eta teknologia gaztetatik sustatzea ezinbestekoa dela uste dut, batez ere emakumeen artean, gertutik ezagutu dezaten zertan datzan eta ikusi dezaten emakumeentzaT tokia badagoela eta posible dela gustuko izanez gero holako sektore batean lan egitea.