“Irregulartasunak” izan arren, Aprendiceseko proiektua, Plenoak ordez, Udal-gobernuak hartuko du

9
1431

EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek, teknikarien informeetan oinarriturik, Lurgoien, LKS Ingenieria eta Udal-gobernuaren jokabideak salatu ditu. Udal-gobernuak hitzeman du “ondo egin ez direnak zuzenduko ditugula”. Osoko Bilkurak erabaki du Udalak Lurgoienekin izan duen kontratua suntsitzea.

Udalbatzako taldeek doluminak azaldu dizkiete covid-19arekin hildako pertsonen familiei eta gertukoei.

Gaurko gai nagusietako bat Juan Arzamendi Musika Eskolako proiektuaren ingurukoa izan da. Aprendiceseko proiektuak argi-ilunak izan ditu.

Elkarrekin Arrasatek, Udaleko informe teknikoetan oinarriturik, salatu du “LKSek ez duela bere lana bete, eta ikusi beharko da horrek zer-nolako ondorio legalak dituen”.

Proiektuan “irregulartasunak” izan direla gaitzetsi du, gehituz 5’8 milioiko proiektu honetan “kontrolik ez badago, zer-nolako kontrola izango den Udalaren beste proiektuetan”.

“Ez dugu sinesten” arazo honen inguruko “ezer zenekitenik”. 2020ko urtarrilaren 13ra arte “ez zeniguten ezertxo ere esan. Birritan baino gehiago eskatu zeniguten beste toki batera begiratzea”.

“Gezurrak, klientelismoa,… izan dira, eta “ondorioz ezin dugu egitasmoa zuen (Udal-gobernuaren) eskuetan utzi. Guk hori egitea axolagabekeria litzateke”

Igor Urizarrek iragarri du “gure abokatuek aztertuko dituztela honen inguruko erantzuleak eta erantzukizunak”. Proiektuko “irregulartasunek arrasatearrei galera ekonomiko itzelak eragingo dizkiete”.

EH Bilduk, koronabirusaren gairi helduta, Udal-gobernuari galdetu dio ea “zer iruditzen zaizkizuen covid-19aren aurkako gure proposamenak?”.

Musika eskolaren proiektuari dagokionez, azaldu du “gure zinegotzien artean badirela Arrasate Musikaleko bazkideak”.

EH Bilduk “gure zerbitzu juridikoekin aztertu dugu, eta ados gaude Lurgoienekin kontratua etetearekin. Soluzio onena da une honetan”. Beste aukerak, “isunen bideak, gure zalantzak agertu genituen”.

Aipatu du ere Lurgoienek diru bat eskatu diola Udalari, eta “Lurgoienek erreklamazio aurkeztu zion Udalari. Noraino du arrazoia?” galdetu dio Udal-gobernuari.

Adierazi duenez, “LKS Ingenieria ‘a dedo’ aukeratu zenuten” eta “Lurgoienen jabea EAJ-PNVrekin harreman zuzena dauka”.

Salatu du “egin barik zeuden obrengatik Arrasateko herriak ordaindu ditu 60.000-100.000 € artean. Gainera, Udalak ez dizkio aktak kontsultatzen uzten EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi”.

Halaber, 2019ko abenduan obrak %42an eginda zeuden arren, 2019ko irailean herriari adierazi zenioten %50ean zegoela, “bazenekiten hori egia ez zela?”.

Era berean, “Udalaren batzordeak grabatzen diren arren”, apirilaren 13ko grabazioa “ez zen grabatu”. Obrak 2019ko abenduan Lurgoienek abandonatuak zituela jakinda, Udalak 2020ko “apirilaren 15era arte ordaindu dio”.

LKS Ingenieriaren jokabidearen ostean “datorren kontratazioan ere LKS kontratuko duzuela iragarri duzue, baina zer da hau?? Zergatik ez zaizkio erantzukinak ere LKSri eskatzen?”.

“Esan duzue herriko enpresa bat dela, baina hemen kaltetuak herritarrak gara, eta ez dugu beste aldera begiratuko. Ez dugu inor kaltetu nahi, kaltetu dutenak Lurgoien eta LKS izan dira, eta ez dakigu Udala zein punturaino. Barkatu nahi badiozue barkatuoiozue zuen diruarekin”. EH Bilduk epaitegietara jotzeko aukera agertu du.

Gogora ekarri du EAE-ANVek eskatu zuela Plenoak Etxaluzeko obretaz zuen eskuduntza orduko Udal-gobernuaren esku uztea: “Hala egin zen Etxaluzeko obrak ordaintzeko, EAJ-PNVren eta PSEren partehartzearekin”.

Aprendiceseko proiektuari dagokionez, EH Bilduk Udal-gobernuari eskatu dio “batzorde berezi bat sortzea, musika eskolaren afera hau denon artean lantzeko”. “Irregulartasun handiak egon dira”.

Halaber, PSEren zinegotziari ere zuzendu zaio: “Zein da alderdi sozialistaren ikuspuntua? Izan ere, zuek kudeatzen duzue Obretako Batzordea”.

Udal-gobernuko EAJ-PNVek erantzun du “irregulartasunak izan direla esaten duzue, baina ez duzue hori arrazoitzen”. Halaber, ukatu egin du “LKS Ingeniaria ‘a dedo’ kontratatua izan zenik”.

Adierazi duenez EAJ-PNV eta PSEk “indar guztiak jarri ditugu bi egitasmoetan (Juan Arzamendi Musika Eskolan eta Kulturolan)”, baina “tamalez, Lurgoienek kontratazioa irabazi zuen”. “zoritxarrez” proiektua utzi egin zuen.

Onartu du “gauza batzuk ondo egin ez direla”, eta hitzeman du “zuzenduko ditugula”. “Guk diskrezioa eskatu genuen, bai, estrategia erabaki ahal izateko. Gu gara lehenak zer gertatu den jakin nahi dugunak”.

Lurgoienekin sinatutako kontratua deuseztatzeko prozesuak “3 hilabete iraun dezake”, hain zuzen, “obra hau behingoz bukatzeko”. “Konfiantza osoa dugu gure teknikariengan” eta “espero dugu abala eskuratzea”.

Ezkurrak esan duenez Udal-gobernuak “informazio guztia” ematen du. Irregulartasunen “frogarik baduzue, jarri salaketa gaur bertan”.

EH Bilduk zehaztu du “guk ez dugula esan delituak egon direnik”, eta erantzukizunak “argitu behar badira, eta beharrezkoa bada epaitegitara joango gara, bai”. Halaber, galdetu du ea “zergatik ez zaizkion erantzukizunak eskatu LKSri?”. Debatearen une batean Maider Morras zinegotziak alkateari “pertsonaje” deitu dio baina berehala barkamena eskatu dio.

Elkarrekin Arrasatek, udal-informazioaren eskuragarriasunari dagokionez, salatu egin du arazoaren inguruan “hilabeteetan zehar ezer esan ez diguzuela” eta “eskatutako obra-aktak kontsultatzeko utzi ez dizkiguzuela”.

Obretarako bisita gidatuaren bitartez “arrasatearrei esan zenieten obren %50a eginda zegoela, hori gezurra zen, obrak %44an geratu baitziren”.

Igor Urizar zinegoitziak ondorengo galderak ere egin ditu: “Olanok jarri al zuen ‘a dedo’ Lurgoieneko jabea Kutxako Fundazioan? Jakitera emango duzue Udal-gobernuak LKSri azken 5 urteetan zenbat kontratu esleitu dizkion? Noiz jakin zenuten obra epeak ez zirela betetzen ari?”.

EH Bilduko Kepa Urteaga zinegotziak ere hitza hartu du: “Galdetzen diguzue ea zer egin duzuen gaizki? Horri erantzuteko likidazio-txostena irakurtzearekin nahikoa da: bertan azaltzen da egin gabeko obren truke ordaindu zela”.

EH Bilduk jakitera eman du “Moisesek [Obra Zerbitzuetako buru teknikoak] azaldu dizkigu gertatu diren irregulartasunak”. Gehitu duenez, “Udaleko langileetaz fio gara”

EH Bilduko Maider Morrasek gaitzetsi du oposizioak plenoan egin dizkien galderei Udal-gobernuak “erantzun ez diela”. Hirigintza eta Obra Sailak Arrasaten “oso zorrotzak dira” lizentziak emateko, PERIaren inguruan,… baina “Aprendiceseko obretan ez zineten hain zorrotzak izan”.

EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak hitzeman du “LKSek ardurak izanez gero, berari ere ardurak eskatuko dizkiogula”.

Kepa Urteaga zinegotziak azaldu duenez, udal-teknikariak azaldu izan du “LKSek ziurtatu zuela obretan leihoak jarrita zeudela, leihoak hornitzailearen enpresan ikusi zituelako …”.

Hirigintza Saileko zinegotzia “Ibon Arrupe Plenoan ez egoteak harritzen nau”. Gogora ekarri du PSEk Obren Sailaren ardura politikoa duela, eta aipatu du horren ardura zuen Oscar Garciak jada kargua utzi duela.

Eztabaida sutsuaren ostean, bozketa egin da eta erabaki da Aprendiceseko proiektuaren gaineko erabakiak, Osoko Bilkurak hartu beharrean, Udal-gobernuko bileretan hartuko direla.

Hala ere, Osoko Bilkurak ere onartu du suntsitzea Udalak Lurgoien enpresarekin zuen kontratua. Bozketaren emaitza ondokoa izan da:

  • Aldeko botoak: 4 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Aurkako botoak: 3 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)

9 IRUZKIN

  1. Ikustekoa izango da bihar PNVk egingo duen prentsaurrekoa. Ea informe tekniko eskandalagarri horren aurrean zer aurkezten duten. Espero genezake publizitate politikoaren ariketarik gorena: argazki neurtu bat eta topikoz eta zehaztasunik gabeko deklarazioak. Maria biktimatzat azalduaraziko dute prentsarren aurrean dela eta ez, hemen biktimak dirua galdu eta luzaroan musika eskola gabe geratuko garen arrasatearrak izango gara.

  2. Eztakit ba Etxebe, izan daiteke Maria biktima moduan agertaraztia. Halatabe, zeinei botakotzie gaurkuen arduria? Lurgoieni, LKSi, teknikuei, oposizioari, prentsai, herritarroi, COVID19ai, fiskalai…
    Maniobra publizitario bat espero dot nik be bai eta Arrasate musikalan gaixan inguruen inolako azalpen zehatzik ez.

  3. Joserra: Mariarekin daukazun fijazio obsesibo hori ez da foro honetan zabaltzeko gauza bat. Saiatu zaitez berarekin hitzegiten edo laguntza psikologikoa eskatu

  4. Portuondo, Mariarekiko obsesioa izatea dagoeneko ez da aukeraketa bat. Astero astero behin eta berriz publikora azaldu da edozer saltzen (eta ez informazioa ematen). Edozein Arrasatear alkateaz fijatzetik fijaziora pasatu da, bere meritoak egin dituelako horrela izan dadin…

  5. Onbre Portuondo, hemen gobernuak edukiko du zeresanik, ala? 5.500.000 euroko kontratazio baten bederatzi hilabetez egon zarete beste norabait begira edo ezer jakin gabe (ez dakit zer den grabeagoa). Azalpen asko eman beharrean dagoela uste dut eta kasu honetan Maria, bai. Txosten tekniko horretatik Mondraberrik jasotzen dituen pasarteak oso esanguratsuak dira eta espero dut “aztertzen ari gara, “ikusiko dugu” eta horrelakoekin ez etortzea. Fibra (internet) Alde Zaharrean jartzeari “aztertuko dugu” batekin erantzun zenioten eta horrelaxe gabiltza alde zaharreko bizilagunok garai hauetan konexioarekin… Oraingo hau oraindik eta gai potoloagoa da, ez egin ihes zuen arduretatik. Gauzak ondo egin badituzue denborak arrazoia emango diezue, baina gaur gaurkoz galera bat badago; obrak atzeratuko dira eta gure seme-alabak ezingo dute musika eskola berriaz gozatu.

  6. Bueno hemen daukogu berriro gure Hirigintzako arduraduna errespetua faltetan. Lehengo astian Hamburgesa zalia zan eta ointxe Portuondo. Nolan etorriko jaku datorren astian ?
    Eta igual zuk biher dozu laguntza psikologikoa , Ezker abertzaliakin daukotzun obsesiñuagatxik. Oin dala bi urte montau ziñun showa Herriko Plazan pankartakin normala iruditxuko jatzu ezta?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen