Irene Aguriondo eta Ane Davila: “Aniztasun funtzionala daukaten gazteen espazioak transformatzen ari gara.”

0
2091

Irene Aguriondok eta Ane Davilak martxan jarri dute BASH proiektua. Biak ala biak LEINNeko ikasleak dira, eta 2019an abiatu zuten, bi helbururekin: Aniztasun funtzionala duten gazteei aukera berritzaileak eskaintzeko, edota eduki dauzkaten aukerak eraldatzeko.

Zergatik sortu zenuten BASH proiektua?

Aguriondo: Beti nahi izan dugu zirrara eragiten duen proiektu bat sortzea, bihotzetik sortutakoa. Gizartean hutsune bat zegoela ohartu ginen, aniztasun funtzionala duten pertsonek ez zutela euren talentua erakusteko gunerik.

Biok ala biok gaztetan dantzaren munduan aritu gara, bata gimnasia erritmikoan eta bestea balletean. Guk dantzarekin sentimendu batzuk izan ditugu, eta besteek ere hala sentitzea nahi dugu. Hain zuzen, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako guneak sortu nahi genituen, eta hala egin dugu (16 eta 21 urte arteko pertsonekin dihardute orain). Saio hauetan mugimendua eta sormena garatzen ditugu. Normalean taldeak 10 pertsonak osaten dituzte, baina gune desberdinak eratzen digunez, taldeak gunearen arabera egiten ditugu.

Zer-nolako saioak egiten dituzue?

Aguriondo: Covid-aren aurretik 25 gaztez osatutako taldeekin aritu gara, baina orain segurtasun neurriengatik 6 pertsonako saioak egin ditugu. Gabonetan adibidez, 3 egunetako ekimena egin genuen, eta gure asmoa da udara begira beste ekitaldi batzuk antolatzea.

Davila: Hiru ekitaldi mota egiten ditugu: astelehenero Arizmendi ikastolan 5 ikaslerekin eskola orduetan ekitaldi mota bat; asteburuko saioak LEKekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin; eta orain martxan jarri ditugu gure gune propioak, baita asteburuetan ere. Kasu honetan tailerrak Etxaluze eraikinean egiten ditugu.

Nolakoa da saioen dinamika?

Davila: Hasieran dantzarekin eta gorputz-espresioarekin hasi ginen, garrantzi handia zuelako. Batez ere, aniztasun funtzionala duten pertsona askok lotsa edo bullinga jasan dutelako daukate gorputzarekiko erasotzat. Gure helburua zen hori neurri batean kanporatzea.

Denborarekin konturatu gara gure saioak bestelako onura batzuk badituztela. Orain sormenan zentratu gara alde batetik, tailerrak eserita egiten ditugu, eskulanak pentsatzeko, gune aske horiek inprobisatzeko. Beste aldetik, mugimendua kirolarekin lotzen dugu, denbora guztia mugitzen ari garelako. Eta beste alor bat talentua da, aske aritzen uzten diegu, beraiek aukera dezaten zer egin nahi duten, beraiek nahi dutena adieraz dezaten,… Horregatik interpretazioaren munduan sartu gara, antzerkian.

Nolakoa da parte hartzen duten gazteen profila?

Aguriondo: Momentu honetan autismoa eta down sindromea duten pertsonekin dihardugu, baita garuneko paralisia dutenekin eta bestelako aniztasun funtzionalak dituztenekin ere.

Zergatik aukeratu zenuten lagun hauekin lan egitea?

Aguriondo: Ikusi genuen gauza anitzetarako gune ugari sortzen zirela, eta inklusibidadeak tokia zuela baina ez zen errespetatzen. Eta bestalde, gune horiek ez zituzten pertsona hauen beharrak asetzen. Horregatik askotan diogu BASH proiektuak hutsune hori betetzen duela.

Egitasmoa abiatzeko beste arrazoi bat da betidanik izan dugula aniztasun funtsionala duten pertsonekiko harreman berezia. Beti ikusi dugu beraien begiradatan zerbait berezia, balioan jartzen ez dena. Ane eta biok asko inprobisatu dugu eta gure helburua oso argi daukagu: pertsona hauek gurekin seguru sentitzea gune batean, mugimendua, sormena eta musika landu ahal izateko. Esperientzia ezberdinetan oinarriturik, gure saioak hobetu egin ditugu. BASH proiektuak hasieratik gaurdaino eraldaketa handia izan du.

Gure proiektua Debagoienerako sortu zen, eta orain Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioren bitartez Debabarrenera zabaldu gara, egoeraz jabeturik.

Zenbat pertsonek osatzen duzue BASH?

Davila: Proiektuko bi urte hauetan biok aritu gara lanean. Hala ere, beharren arabera BASH taldea handitzen hari gara beste ekintzaile batzuen esker. Hiru aste barru bidai bat burutu behar dugu eta sortutako espazioak ez ditugu alde batera itxi nahi beharrezkoak ikusten baititugu.

Aguriondo: Gure proiektuan lan egiteko funtsezkoa da pertsona aktiboak izatea, gehien bat kolektiboa ulertzen dutenak eta eurekin ikasi nahi dutenak . Haiek gurekin ikasten dute, baina guk haiekin askoz gehiago. Karisma izatea, dibertigarria izatea eta lotsarik ez izatea.

Egin behar duzuen bidaiak BASHekin zerikusia du?

Aguriondo: Bidaiak helburu du proiektua garatu ahal izatea. Koreara goaz 3 hilabeterako, Seulera. Gura dugu ezagutzea Korean zer-nolako aukerak ematen dizkieten aniztasun funtzionala duten pertsonei, gero handik ideiak ekartzeko, gure guneak abesgarriagoak egiteko, eta egungo egoerara egokitzeko.


Nola eragin du Covid-ak proiektuan? Eta aniztasun funtzionala duten pertsonengan?

Davila: Besteoi bezalaxe, eragina norberaren araberakoa da. Denok dibertsoak gara, eta guk kolektiboari hala deritzogu. Horrela deitzea gustuko dugu, ‘ezgaitasun’ hitza ez zaigu inklusiboa iruditzen. Egia da Covid-aren ondorioz batzuek ez dituztela une gozo askorik izan, etxe barruan egon behar izan dira, ordu luzetan zehar. Normalean sozializatzeko aukera gutxi dituzte, are gutxiago egun osoa etxean egonda.

Konfinamenduan saiakera bat egin genuen, eta dena itxita zegoenez, Internet bidez aritu ginen. Pertsona batzuekin elkarlanean aritu ginen, baina hori eta saio presentzialak ez dira gauza bera. Pertsona batzuek behar zuten gurasoek ordenagailua prestatzea edota jarraipen bat egitea, eta ez da erraza izan.

Aipatzen da arrisku taldeko pertsonak direla, Covid-az kutsatzen badira, arrisku gehiago dauzkatela, baina gehienak ez dira beste pertsonekin nahasten. Talde zehatzak dituzte bai ikastolan baita kirola egitean ere. Alde horretatik, ez dugu arrisku handirik sumatzen.

Noizko hurrengo saioa?

Aguriondo: Otsailaren 20an, larunbata, goiezeko 11.00tatik eguerdiko 13.00tara Etxaluzeko eraikinean izango gara. Helburua da gune seguru bat sortzea mugimendua eta sormena lantzeko. Ane eta biok dinamizatzaile arituko gara, eta gazteak gonbidatu nahi ditugu bertan parte hartzera (ez dugu adina mugatu, 6-20). 6 edo 8 pertsona osatutako taldeak izango dira. Eta 25 euroko prezioa izango du saioak.

Eskaera gehiago izanez gero, bigarren txanda bat egiteko aukera egongo litzateke, larunbat arratsaldean edo igande goizean. Ordutegia eta eguna gurasoekin adostuko genituzke.

Bukatzeko, gustatuko litzaiguke esatea idea edo proposamen berrietara zabalik gaudela. Guraso edo erabiltzaileren batek iradokizunen bat egin nahi badu, aurrera, horrela egin dezala.

Kontaktua:

Proiektuan parte hartu nahi duten pertsonak Irene Aguriondorekin eta Ane Davilarekin jar daitezke harremanetan, 682 29 37 76 telefono-zenbakira deituz  edo mezu elektroniko bat  idatziz ane@bekala.net helbidera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen