’40 urte Egia eta Justiziaren alde’ izeneko erakusketak, elkartearen bizitzari erreparatuz, 1936ko altxamendu faxistaren ondorengoak salatzen ditu. Elkartearen sekulako lana “ez litzateke posible izango milaka lagunek desmomeria apurtu izan ez balute”. Erakusketa zabalik da urriaren 17ra bitarte.

Irekiera ekitaldia gaur arratsaldean egin da Kulturateko ‘klaustroetan’, adin ezberdinetako herritarrak bertaratuz.

Elkarteko ikerlari Julia Mongek eta Juan Ramon Garaik erakusketaren nondik norakoak azaldu dizkiete bertaratutakoei. Ekitaldian ere Jon Etxezarragak hitza izan du, 1936ko gerrako armetan aditua.

Halaber, elkarteak publikoki eskertu egin du Eneritz Tirados arrasatearrak erakusketaren sorkuntzan egindako lana.

Juan Ramon Garai Bengoak adierazi du “guk egiten dugun lana beti herritarrei transmititzeko egiten dugu. 40 urteen erakusketak transmititutakoa erakusten du”.

Lan hori guztia “herritar askoren laguntzarekin egin dugu, izan ere, milaka lagun desmemoria egin eta isiltasuna hautsi izan ez balute, guk ez genukeen ezer egin ahal izango”.

Irekieraren ostean Monica Jato eta Emilio Silvak memoria historikoaz mintzatu dira Kulturateko areto nagusian.

Erakusketa zabalik izango da urriaren 17ra bitarte, astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

Bi ekintza hauek Egiarekin Topaketen baitakoak dira, eta egitarauak aurrera jarraituko du datozen egunetan.

Irailaren 26an, faxistek eraildako eta desagertutako debagoiendarrei omenaldia, Arizmendiarrieta plazako monolitoetan, eguerdiko 12:00etan.

Irailaren 29an, ‘Winnipeg el barco de la esperanza’ ikus-entzunezkoaren emanaldia Amaia antzokian 19:00etan.
Irailaren 30an Jaime Uriarte Cestonaren inguruko liburuaren aurkezpena. Arrasatear honek Intxortan miliziano jardun zuen, eta Winnipeg-eko erbesteratua izan zen. Liburu hau bere loba Sady Arenas Uriartek idatzi du, eta Jokin Zaitegi aretoan aurkeztuko da 18:30ean.




