Irati: “Ostalaritza jomugan dago, eta neurriak bete arren, trabak jartzen dizkigute”

0
2173

Taberna-topaguneak ateak itxi behar izan zituen, eta arazoa konpontzeko bidean “ikusi dugu administrazioak ez duela nahikoa inbertitzen”. Garbiketa sakona egin ostean, altan dauden langileek taberna-topagunea irekia ahal izan dute.

Aurreko astean Iratiko langile batek positibo eman zuen, bere lagun batek positibo eman ostean.

“Aurreko astelehenean jakinarazi zitzaigun positiboa zela, eta Jaurlaritzatik berari galdetu zioten ea norekin egin zuen lan eta zeinekin ez”.

Kontuan hartzekoa da Iratin 12 pertsonak lan egiten dutela, eta langileak azaldu zien norekin lan egina zuen. Gero Jaurlaritza Iratiko arduradunetako batekin jarri zen kontaktuan.

Eskatu zizkioten langileen izenak eta telefono zenbakiak, eta Jaurlaritzak kontuan hartzen du positibo emandako pertsonarekin “nortzuk izan duten harreman estua”.

“Euren hitzetan, harreman estua da maskara barik eta bi metro baino gutxiagoko distantzian izatea”.

“Positibo emandako langilea orain direla bi ostiral soilik egin zuen lan, eta ez zuen harreman esturik izan txanda horretan lan egin zuten beste 3 langileekin”.

Alabaina, Jaurlaritzak Iratiko langile guztiak PCRak egitera bidali zituen. “PCRa egiten dizutenetik emaitza jakin arte etxean egon behar duzu, hau da, egun bat edo bi gutxienez”.

Iratiko langile guztien emaitzak “negatibo izan ziren. PCR batean zalantzak izan ziren, langilea ondo ezik sentitzen zelako, baina azkenean emaitza negatiboa izan zen”.

“Guk ulertzen dugu positiboarekin lanean aritutako 3 langileek badaezpada koarentenan jarraitu behar izatea, baina negatibo emandako 9 langileak lanera itzul gaitezke (negatibo eman dugulako eta positiboarekin kontakturik izan ez dugulako)”.

Hori egin ahal izateko “lehen arretako medikuarengana joan gara, honek mutuara bidali gaitu, mutuak lehen arretako medikuarengana bidali gaitu,… Osalanek esan digu berak bere lana (arakatze-lana) amaitu duela,…”.

Berrireki ahal izateko, sakoneko garbiketa bat egin behar izan da, eta bi aukera daude: “Garbiketa enpresa bat kontratatzea, edo norberak produktu jakin batzuk erabiltzea eta ondoren idatzi bat aurkeztu produktu horiek erabili direla adieraziz”.

“Bigarren aukera hori ez dirudi oso serioa, eta guk enpresa bat kontratatu dugu. Hortaz gain, idatzi bat aurkeztu genuen ostegunean, eta esan behar da udaltzainburuak arduraz jokatu duela. Gure ustez, arduraz jokatu duen bakarrenetakoa izan da”.

Ostegunean aurkeztu arren “oraindik ez digute erantzuna bidali, eta udaltzainburuak asteburuan ere lan egin du, gaiaz arduratu da. Ondorioz, orain langile batzuk altan gaude eta beste batzuk bajan”.

“Ez dauka zentzurik positiboarekin harreman zuzenik izan ez duten langileek koarentenan jarraitu behar izatea. Horregatik noraezean ibili gara neurri batean: toki batean gauza bat esaten dizute, eta beste batean aurkakoa. Kaos bat dago”.

Orokorrean “Ostalaritza jopuntuan dago, nik adibidez positiboarekin ez dut inolako harreman fisikorik izan azken hilabetean, baina koarentenan egon behar izan dut. Hori omen da Ostalaritzako protokoloa”.

“Guk segurtasun- eta garbitasun-neurriak zorrotz bete ditugu, eta jendeari eskatzen diogu bete ditzala”.
Iratik jakitera eman du horrelako kasuen kudeaketan “baliabide falta dagoela, horretan diru gehiago inbertitu beharra dago, kasu honetan PNVek inbertitu behar du, nahiz eta gero iritzi publikoari beste gauza batzuk kontatzen dizkion”.

“Nik horrelako kasu bat barrutik bizi izan dut, eta kaos bat dela esan dezaket. Informazio falta dago, informazio kontrajarriak,… Gainera, badirudi, positiboak bakarrik tabernetan ematen direla… Beste inon ez dela positiborik ematen… Inpotentzia sentitzen dugu”.

Oztopoak oztopo, Irati taberna-topalekuak ateak berrireki ditu alta daukaten langileekin eta garbiketa sakona egin ostean.

“Asteazkenetik prest geuden berrirekitzeko baina ezin taberna zabaldu, ezta aurreko asteburuan ere, paper hori oraindik iritsi ez delako, ‘papeleo’ hori motela delako. Protokoloa aplikatu beharra ulertzen dugu, baina ez du zentzurik berrirekiera atzeratzeak”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen