Emakume Txokoko Irakurketa Feministen Guneak hamar urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko, bi ekimen antolatu ditu Emakume Txokoarekin eta Arrasateko Liburutegiarekin elkarlanean: erakusketa interaktibo bat eta liburu hautaketa tematiko bat.
Azken hamarkadan, gunea emakumeek eta disidenteek idatzitako lanak ezagutzeko, gogoeta feminista sustatzeko eta bizipenak partekatzeko topagune izan da, irakurketaren bidez.
Urteurrenaren harira, Emakume Txokoan hamar urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa interaktiboa dago ikusgai azaroaren 14ra arte. QR kodeen bidez, liburuei eta bizipen pertsonalei buruzko hainbat ahots entzuteko aukera izango dute bisitariek. Erakusketa astelehenetik ostegunera bisitatu ahal izango da, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Bestalde, Arrasateko Liburutegian erakustoki tematiko bat jarri dute, taldeak azken hamar urteetan irakurritako liburuen artean aukeratutako lanekin. Bertan, taldekideen ekarpenak biltzen dituen Kuttunenak liburuxka ere eskuragarri dago.
Bi ekimenen bidez, antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte Irakurketa Feministen Gunearen ibilbidea ezagutzera, liburuak arakatzera eta irakurketaren bidez gogoeta feminista partekatzera.





