Jabetze eskolak 9 ikastaro eskainiko ditu menopausia, gorputza-ahalduntzea, tratu onak eta ongizatea gaitzat hartuz, besteak beste. Herrira begirako ekitaldiei dagokienez, bulimia eta anorexiaren aurkako hitzaldi-tailerra eta ipuin kontaketa drageatua izango dira. Irakurketa gunearen urteurrena ospatzeko, bi erakusketa eta topaketa bat izango dira.
Emakume Txokoak urritik abendura bitarteko egitaraua aurkeztu du gaur goizean egoitzan.
Aurkezpenean bertako Irakurketa Feminista Guneak tarte nabarmena izan du, 10. urteurrena ospatuko baitu.
Eva Abuin Bideburuk, Feminismo eta LGTBI+ zinegotziak baloratu du ekimen hau “polita, landua eta, esan daiteke, berritzailea” dela.
Ondoren, Berdintasun teknikari eta dinamizatzailea Esther Lizarralde Mendizabalek Emakume Txokoaren udazkeneko egitarauaren (ikastaro, tailer eta bestelako ekimenen) berri eman du.
Testuinguru honetan baieztatu du Emakume Txokoak Berdintasuna eta Sexu- eta Genero-aniztasuna sustatzeko lanean jarraitzen duela.
Helburu horiekin, Emakume Txokoak arreta, orientazio- eta informazio-zerbitzuak eskaintzen ditu, baita indarkeria matxistaren inguruan ere. Horretarako, zerbitzu propioak eta bestelako zerbitzuak baliatzen ditu.
Adibidez, Aholkularitza juridikoko zerbitzuak martxan jarraitzen du, emakumeen eskubideei lotutako auzien inguruko orientazioa eskainiz. Hilean behin ematen da eta erabiltzaileek aurrez izena eman behar dute Emakumeen Txokoan.
Udazkeneko plangintzara itzuliz, alde batetik Jabetze Eskolak formazio- eta topaketa gune iraunkorrak jartzen ditu eskura.
Eta bestetik, Emakume Txokoak herritarrei begirako agenda antolatzen du, hausnarketa feminista sustatzeko.
Jabetze Eskolak formaziorako, topaketarako eta hausnarketarako guneak eta tresnak eskaintzen ditu, emakumeek euren eskubideez jabetu daitezen, emakumeen artean saretu daitezen eta jendartean eragiteko.
Jabetze Eskolan formazioa da lan-ildo nagusia, eta horretarako ikastaro, tailer eta guneak baliatzen ditu.
Plangintza berriak 9 ikastaro jasotzen ditu, hiruhilekoan zehar astebetean behin elkartzeko maiztasuna dutenak.
Euren helburuak dira emakumeen osasuna, ongizatea, autonomia eta parte-hartzea sustatzea, indartzeko tresnak eta topaguneak eskainiz.
Jorratuko diren gaien artean badira menopausia, gorputza-ahalduntzea, tratu ona eta ongizatea, baita arteari eta aisiari dagozkionak ere:
Sormen laborategia, bideo ikastaroa eta zapien dantza ikastaroak, esaterako. Ikastaro hauek guztiak aste bateko maiztasuna izango dute.
Ikastaro trinkoagoak ere izango dira, normalean asteburuetan egingo direnak. Hiru izango dira eta batez ere indarkeria matxista landuko da:
Autodefentsa feminista ikastaroa eta Autoafirmazioa eta tratu onak sustatzeko tailerrak, besteak beste. Autoestima ere landuko da.
Halaber, artegintzaren alorrean, Emakume Txokoko tailerretako irakasle batek Bilboko Guggenheim museoan izango du erakusketa zabalik.
Horrela, bere saioetako bat museoan egingo da, eta makume artistak bisibilizatzea izango du helburu.
Ikastaro eta tailerrekin batera, badira beste espazio batzuk, gune iraunkorrak deiturikoak, arnas luzerako lan egiteko gune direnak.
Hauen artean Kantuz saretze topagunea dago, parte-hartzaileak hamabostean behin elkartzen direlarik. Oro har, Udazkeneko egitaraua hemen da ikusgai
Gaurko prentsaurrekoan Irakurketa Feminista Taldearen 10. urteurrenak tarte berezia izan du, eta hiru taldekidek parte hartu dute:
Rosa Urzelai, Miren Bengoa eta Lourdes Jauregialzok. Rosak adierazi du hamarkada oso batek “bere momentu bikaina merezi zuela pentsatu genuela”.
Horrela, taldearen ibilbidearen inguruko erakusketa bat izango da ikusgai Emakume Txokoan: “Argazkiak, ilustrazioak eta sorpresa batzuk izango ditu”.
Bestetik, erakusketa tematiko bat jarriko du Arrasateko Bibliotekan, “gure liburu maiteenekin”.
Urteurreneko hirugarren ekitaldia topaketa bat izango da, Gipuzkoako beste irakurketa talde feminista batzuekin egingo dena azaroaren 14an.
Emakume Txokoak duela 10 urte irakurketa feminista talde bat sortzea bultzatu zuen, Jabetze Eskolaren baitan.
“Gune honetara adin eta ibilbide ezberdineko emakumeak hurbildu ginen, eta gaur egun 15 bat emakumek osatzen dugu”.
Hilean behin elkartzen dira liburu baten inguruko iritziak, esperientziak, zalantzak eta pentsamenduak partekatzeko.
“Hausnarketa feminista gune hau irekita eta dinamikoa da hurbildu nahi duten emakume guztientzat”.
Euskarazko eta gaztelaniazko 80tik gora liburu izan dituzte bidelagun, antiarrazista, feminista eta antikoloniala izandako bidaian. Gune hau “topagune, elkarrizketa eta konfiantzazko leku seguru bihurtu da”.
Miren Bengoak azpimarratu du “guretzat irakurtzea ez dela bakarrik liburu bat irakurtzea: irakurketa abiapuntu bat da gure errealitateari buruz hitz egiteko, beste begirada batzuk ezagutzeko eta askotan guk geuk pentsatzen genuena birplanteatzeko”.
Horregatik guztiagatik urteurrenerako ‘Ahotsak batu, begiradak eraldatu’ goiburua aukeratu dute.
“Uste dugu beste emakume batzuekin irakurtzeak eta hitz egiteak gure begirada zabaltzen duela, eta besteen ahotsak entzuteak gure errealitatea beste modu batera ulertzera eramaten gaituela”.
Lourdesek zerrendatu ditu taldeari ekarpena egin dioten hainbat aditu, adibidez Kattalin Miner Perez, Maddi Txoperena Iribarren, Itsaso Martin Zapirain eta Gabriela Wiener Bravo bezalako idazleak.
Baita Katia Reimberg Castello Branco eta Josebe Iturrioz Lopez bezalako aktibistak ere, Arrate Hidalgo Sanchez bezalako itzultzaileak, Olatz Dañobeitia Ceballos bezalako ikerlariak, eta AMUGEko (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko) kideak.
Horiek guztiek “galderak eta hausnarketak utzi dituzte taldean, eta beraiek ere espazio honen historiaren parte dira”.
Azaroaren 14ko topaketan, ‘Ahotsak batu, begirada aldatu’ goiburu, sei emakume talde elkartuko dira, sei liburu irakurriko dira eta dinamizatzaile bat ariko da talde bakoitzeko.
Euskarazko liburuak ‘Terraza debekatua’ (Fatima Mernissi), Ainhoa Aldazabalek dinamizatua; ‘Koadernoa zuri’ (Arantxa Iturbe Maiz), Maider Evaristok dinamizatua; eta ‘Beste zerbait’ (Danele Sarriugarte Mochales) izango dira, azken hau Oihana Arana Cardenalek dinamizatuta.
Gaztelerazko liburuei dagokienez, ‘La dependienta’ (Sayaka Murata) Monica Leiba dinamizatzaile, ‘Neighbours’ (Lília Momplé) Mertxe Trantxe dinamizatzaile, eta ‘Las negras’ (Yolanda Arroyo Pizarro) Luciana Alfaro dinamizatzaile.
Topaketarako izena emateko aukera gaurtik (irailaren 15etik) urriaren 4ra arte egongo da zabalik, izen-ematea udal-webgunean
“Animatu denak parte hartzera eta gurekin egun hau ospatzera, izan ere, egun oso polita izango da eta gozatuko dugu”.
Ildo horretan, Estherrek gehitu du “irakurketa taldeetan parte hartzen ez duten emakumeentzat ere zabalik dagoela topaketa, eurentzat ere izen-ematea zabalik dago”.
Oro har, Emakume Txokoaren inguruko informazio gehiago jasotzeko edo harremanetan jartzeko: emakumetxokoa@arrasate.eus edo 618 20 62 33 mugikorra.




