Argazkia: Goienagusi.
Goienagusi elkarteak antolatutako hitzaldi sortak aurrera darrai eta merkatuak eta irabazi ekonomikoek osasunean duten eraginen inguruan jardungo du Ana Galarraga zientzilariak datorren astelehenean Arrasate-Kulturalen goizeko 10:00etatik aurrera. Ohi bezala, elkarteko bazkideek izango dute lehentasuna sartzerakoan.
Antolatzaileen esanetan, «Mundu mailan prebeni daitezkeen heriotzen heren baten eragileak lau industria dira: erregai fosilak, alkohola, tabakoa eta elikagai ultraprozesatuak. Hala baieztatu zuen The Lancet aldizkariak, osasunaren baldintzatzaile komertzialei buruz 2023an argitaratu zuen sail berezian. Baldintzatzaile komertzialak industriak eta merkatuak baliatzen dituzten praktikak dira, portaeran edo kontsumoan eragiteko, beren irabazi ekonomikoen mesedetan, eta erabiltzaileen edo kontsumitzaileen osasuna arriskuan jarriz. Zein diren eta nola eragiten diguten aztertuko dugu».
Hitzaldia Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzaile zarauztarrak emango du. Galarraga Elhuyar aldizkariaren zuzendarikidea da, UhinUltramoreak zientziako podcast feministaren sortzailea, haurrentzako Irria aldizkariaren egileetako bat, euskarazko komunikabideetan kolaboratzailea, eta, oro har, zientzia eta gizartearen arteko zubigilea. Elhuyarretik kanpo, proiektu artistikoetan ere parte hartzen du. Haietako bat da Petti musikariarekin sortu duen Frankenstein Agurgarria errezitaldi musikatua eta disko-liburua.




