Intxorta 1937k ‘Egiaren topaketak’ antolatu ditu irailerako

0
433

Kartela: Intxorta 1937 Kultur Elkartea.

Arrasateko Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak gogora ekarriko dute tropa frankistak Arrasaten sartu ondoren izandako giza eskubideen urraketak. Urteurren horren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte irailerako, ‘Egiarekin topaketak’ lelopean, 1936ko kolpe militarretik jasandako giza eskubideen urraketak jasotzeko. Jarduerak Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatu ditu, Arrasateko Udalaren eta Basque Childrenen babesarekin.

Aurkezpenaren hasieran Maider Morras alkateak Intxorta 1937k egiten duen lana eskertu du. “Xumeki hasi zenuten proiektu hau dimentsio handia hartzen ari da arrasatearren eta euskal herritarren mesedetan. Azkenean gure etorkizuna bermatzeko memoria landu behar dugu, justizian eta erreparazioan oinarritua. Arrasateko Udalak uste du beharrezkoa dela etorkizunean memoria lantzea balio onak izateko”. Ondorioz, Morrasek antolatutako ekitaldietan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Julia Monje Intxortako kideak irailean zehar burutuko diren jarduerak aurkeztu ditu. Monjek azaldu duenez “aurten ekarri nahi dugu gogora frankistak gure herrian sartu zirela eta mugarri horrek minez, heriotzez eta suntsipenez betetako garaia markatu zuela. Asko izan dira azken urteetan egin ditugun omenaldiak, pertsona edo kolektibo desberdinak erreferentzia eginez, eta gaur anbizio handiko programa aurkezten dizuegu frankismo garaitik haratago luzatzen diren, baina aldi berean estatu faxista horren ostopo diren gaiekin.”

Egitaraua ‘Memoria: belaunaldien arteko zaintza. Gerra Umeak’ tailerrak zabalduko du irailaren 11n, astelehena. Memoriaren Belaunaldiko transmisioa lantaldea eskainiko du tailerra, Monica Jato eta Judith Martinez Estrada artisten eskutik . Lantaldea Erresuma Batuko hainbat erakunde akademikako kideak eta Basque Children elkarteak osatzen dute hainbat disziplinatako artistekin batera. Helburua belaunaldi belaunaldiz oroimena nola trasmititu den aztertzea da.

Tailerra Kulturaten egingo da eta bi saio izango ditu. Lehenengo saioa goizeko 10:00etatik 13:00etara izango da eta gerrako umeak izandako pertsonek parte hartuko dute. Bigarren saioa arratsaldeko 17:00etatik 20: 00etara izango da, eta gerrako haurren seme-alabek eta bilobek parte hartuko dute. Tailerrean birbatzen den materialarekin eta parte-hartzaileek ekarritako objektuekin Judith Martinez Estradak erakusketa bat egingo du.

Iaz Donostiako Zinemaldian estreinatutako bi dokumental ere eskainiko dira, torturen gaia jorratzen dutenak. Alde batetik, irailaren 14an, osteguna, arratsaldeko 18:30ean Juan Arzamendi Musika Eskolan Jon Mikel Fernández Elorza zuzendariaren ‘Bi arnas’ dokumentala eskainiko da. Bi lekukotza hauetan “bi arnasketa kontatzen dira: Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Díazena, Iratxeren amarena. Biek, bakoitzak bere erara, torturak eragiten duen arnasarik eza jasan dute, beste sufrimendu askorekin batera. Torturari buruzko testigantza da ‘Bi arnas’, inoiz eskaini ez den injustizia eta elkarrizketaren isla.”

Bestetik, irailaren 21ean, asteazkena, Juan Arzamendi Musika Eskolan arratsaldeko 18:30ean Ander Iriarte zuzendariaren ‘Karpeta urdinak’ dokumentala eskainiko da. “1960 eta 2014 urteen artean Euskadin izandako torturak eta tratu txarrak ikertzeko egin zen proiektuari buruzko dokumentala da. Ikerketa honetan 4113 tortura kasu dokumentatu dira, eta horietatik %73 Franco hil ondoren gertatu ziren.” Bi emanaldietan zuzendariak izango dira eta haiekin hitz egin ahal izango da.

Amaitzeko, irailaren 26an, asteazkena, faxistak Arrasaten sartu zireneko urteurrenaren egunean, arratsaldeko 18:30ean, aurreko urteetan bezala, On Jose Maria Arizmendiarrieta plazako monolitoetan omenaldia egingo da. Omenaldian dantzariek, txistulariek, abesbatzak… parte hartuko dute. Omenaldiaren ondoren, arratsaldeko 19:00etan, “Gernikako haurrak, Britania Handian babestu ziren Gernikako haurrak” dokumentala proiektatuko da Juan Arzamendi Musika Eskolan. Emanaldian Manuel Moreno Basque Childreneko kidea izango da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen