Intxorta 1937: “Hiltzaileak ez zituzten epaitu eta ez zuten barkamenik eskatu”

0
1823

Elkarte arrasatearrak, Voxen etorrera dela, Debagoieneko 124 fusilaturen monolitoak beltzez eztali ditu. Guztira eskualdeko 664 pertsona erail zituzten faxistek. Horien artean 250 arrasatear inguru.

Juan Ramon Garaik azaldu du monolitoetako pertsonak “ez direla kolpe militarraren ondorioz eskualdeko hildako guztiak. Izan ere, hemen soilik erail, fusilatu edo desagerrarazitakoak daude. Gerran askoz pertsona gehiago erail zituzten”.

Elkarte arrasatearrak pankartarekin ere salatu du eraildako pertsonen “hiltzaileak ez zirela inoiz epaituak izan, eta sekula ez zutela barkamenik eskatu. Zergatik datoz gaur Voxekoak hona, hildakoen monolitoetara?”.

“Voxekoak konfrontazio bila datoz, eta gure ustez orain probokatzaileen jokoan erori ordez, ez dugu eurek nahi duten konfrontazioa bilatu behar”.

Horregatik “monolitoak zapi beltzez estali ditugu, lutoz. Izan ere, Debagoienean XX. mendetik gaur arte izan den biolentziarik handiena kolpe militarraren ondoriozkoa izan da”.

Intxorta 1937ren ikerketek azaleratu ahal izan dute “gutxienez eskualdeko 664 pertsona hil zirela gerraren ondorioz. Zapi beltzekin faxismoari ezetz esaten diogu”.

Elkarte arrasatearrak dei egiten du bihar (domeka) eguerdiko 13:00etan Jose Maria Arizmendiarrieta plazan egingo den bilkurara: ’85 urte Justizia eske, faxismoa kanpora, gora Arrasate!”. Era berean, “gaurko (zapaturako) Sarek antolatutako ekintzetan parte hartuko dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen