“Instalazioak txukuntzeko eta azpiegitura handiagoak egiteko, lanean hasi gara”

0
881

Maider Morras Azpiazu alkateak adierazi du kirol-instalazioetan “ez dela behar bezalako mantentzerik egin”. Horren aurrean, besteak beste, “inbertsio txikiak egin beharko ditugu, kirol-klubentzako oso eraginkorrak izango direnak”. Azpiegitura handiagoak egiteko “lanean hasi gara” eta “luze joko dute”.

Errugbi-futbol berdegunea berritzeko lanak bukatu dira, eta horren harira, Udal-gobernuak aurkezpena egin du gaur goizean.

Halaber, Maider Morras Azpiazu alkateak instalazioen egungo mantentzea hizpide izan du, ondokoak adieraziz:

“Bi mailatan dihardugu lanean: alde batetik, egin beharreko mantentze-lanetarako buru-belarri aritu gara, orain arte egin ez diren mantentze-lanak, adibidez”:

“Mojategiko eserlekuen garbiketa, ateetan sareak jartzen, garbitasuna zaintzen,… Baita errugbi-futbol zelaiaren berdegunearen berrikuntza ere”.

“Hori mantentzeari eta obra txikiei dagokienez, eta bestalde, lanean hasi gara kirol-azpiegitura maila handiagoetan, Iturripe eta Musakola kiroldegien harira”.

“Horrek denbora luzea eramango du, ez baitago proiekturik eginda. Gainera, ohartu gara behar bezalako mantentze lanik ez dela egin. Horretan ganora gutxi egon da”.

“Oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta kirol-klubekin izatean jaso dugun feed-backa izan da, mesedez instalazioak zain ditzagula”.

“Horren harira, abuztu osoan kiroldegira etortzen ari gara, konpondu beharrekoak aztertzen, aldagelak, korridoreen materialak, garbitasunaren kudeaketa,… begiratzen. Adibidez kristalak ez dira garbitzen”.

“Kirol Herria luze joko duenez, lanean gabiltza egungo instalazioak ahalik eta txukunen izateko. Instalazioak egun ez daude ondo, eta inbertsio txikiak egin beharko dira halabeharrez. Beraz, ‘etxe’ ttukun izan nahi dugu eta ondoren obra garrantzitsuak egingo dira”.

“Kirol-klubek partekatzen dituzten espazioak ez daude behar bezala zainduta, eta horretan buru-belarri dihardugu. Inbertsio txikiak egin beharko ditugu, kirol-klubentzako oso eraginkorrak izango direnak”:

“Aldageletan eserlekuak aldatu behar dira, eurentzat egunerokotasunean garrantzitsuak diren aldaketak”.

“Gainera, Mojategi oso zikin dagoenez, garbiketa indartu behar dugu. Ea garbitasunaren kultura hedatzen dugun eta pedagogia lantzen dugun”.

“Zaindu ditzagun gureak diren instalazioak. Izan ere, zaintzen ez baditugu, askoz azkarrago zahartuko dira”.

Obra horietako bat igerilekuetako aldagelen zaharberritzea izan da. Izan ere, “egoera nahiko kaskarrean zeuden” Udal-gobernuaren izenean Kepa Urteaga zinegotziak azaldu duenez.

“Obrak udan egitea hobetsi genuen, udan igerilekuetako erabiltzaileek kantxa aldeko aldagelak erabili ahal izan dituztelako. Neguan, ordea, ez lirateke erabilgarriak izango”.

Beste arrazoi bat da “barruko igerilekuetarako erabiltzaileen sarbide bakarra igerilekuetako aldagelak direla. Beraz, neguan aldagela hauek obrengatik itxi ezkero, erabiltzaileek ezingo lituzkete barruko igerilekuak erabili”.

Aurrekontuetan zehaztuta zegoen “igerilekuetako bi aldagelen zorua guztiz aldatzea (zoru ez labainkorra jartzea), margoketa lanak, eserleku berriak jartzea eta takila berriak jartzea”.

Obrak, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak gehitu du “barruko igerilekuetara sartzeko gunea, bertako eskailerak eta saunarako sarrera ingurua ere berritzea erabaki genuela. Helburua da, gune hauek ganoraz izatea, kiroldegia eraberritu baino lehenagoko urteetan, duintasunez erabili ahal izatea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen